Iñigo Aritza Ikastola oso pozik dago euskaltzaleek Altsasun emandako erantzunarekin

Guaixe 2018ko aza. 7a, 15:37

Iñigo Aritza eta Argia ikastoletako ordezkariek elkarrekin eman dute prentsaurrekoa gaur.

Urtearen balorazio “oso ona” egin dute. Urtea ekonomikoki “ongi” aterako da, ikastolan “oinarri-oinarrizko obrak egiteko” izanen dute.

Aurtengo Nafarroa Oinezko antolatzaileek, Iñigo Aritza ikastolak, urte guztiko eta festa eguneko balorazioa egiteko prentsa aurrean agerraldia egin dute. Ibai Iriarte San Vicente zuzendariak eta Eneida Carreño Mundiñano presidenteak esker oneko hitzak besterik ez dituzte izan: etorri ziren euskaltzaleendako “giro ezin hobe hori bermatu” zutelako eta Iñigo Aritza ikastolako eta Nafarroako ikastoletako familiei, “auzolanean egun paregabe hura posible egiteagatik”.

Urte guztian antolatutako ekintza guztiengatik ere eskerrak eman dituzte: “ederra izan da urtea, bizia izan da, zinez bizia, leloa bezala. Baina Iñigo Aritza Ikastola oso harro dago egin den lanaz. Auzolana eta euskara eskutik joan dira, eta bi horiek dira ikastolen bereizgarri nagusiak”. Oinez egunari dagokionez, esan dute “giro paregabea” izan zela, “eguraldi bikaina eta famili giro ederra. Aipagarrien artean, Erronkak mugitu zuen gazte mordoa eta Haurren Hiria, non etxeko txikienak aske ibili ziren”. Inklusioa zen Nafarroa Oinez eguneko erronka eta ikastolan “bete dutelako kontent” daude.

Baina antolatzaileen balorazioa ez da guztiz biribila izan, “Mikel gaztearen heriotzagatik egoera oso gogor eta latz bati egin behar izan genion aurre goizean goizetik. Ikastolako kideok minberatuta eta hunkituta geunden. Baina kasu horretan ere, gure familiek eta oro har Altsasuk erakutsitako duintasuna, gizatasuna eta indarra azpimarratu nahi ditugu”. Ziurtatu dutenez, “erantzukizunez, eta maitasunez egin genion aurre eta egun ahaztezin bat burutzea lortu genuen. Egiari zor, lanean geunden Iñigo Aritza Ikastolako kideok ez genuen egunaz gozatu, baina argi dugu Altsasu eredu dela, negu gogorrenari, eta abestiak dioen bezala, txarrenari onena ateraz, zauriari muxu eginez, auzolanaz, inguruaren babesaz, ukendua jarri genion minari, labankada sakon horri”.

Ekonomia
Diru balantzea oraindik ez dute itxita, “edonola ere, Nafarroa Oinez urtea ekonomikoki ongi aterako dela aurreikusten dugu, baina egia da ditugun behar guztiak asetzeko adina ez digula emanen”. Ikastolako oinarri-oinarrizko obrak egiteko proiektu zehatza erabaki beharko dute orain, “argi izanda ikasleen egunerokoa hobetu behar dela”. Horretarako, teilatua berritu eta itajurak konpondu, geletako hezetasun eta aireztatze faltari irtenbidea ematea, berogailu sistema eta galdara aldatzea eta irisgarritasuna bermatzea, batez ere ikastolako bigarren solairura.

Datu batzuk
15.000 ogitartekotik gora egin ziren.
4.500 talo inguru.  
Kafea agortu zen.
Nafarroa Oinez egunean hondakinen % 61 birziklatzea lortu zen.
Sanferminetako Euskararen Txokoan % 75 birziklatu zen.

Hurrengoa, Tutera!
Argia ikastolak hartu du Nafarroa Oinezeko lekukoa eta agendan data bat gordetzeko gonbidapena egin dute: 2019ko lastailaren 20a. Izan argi! lelopean ospatuko da Nafarroa Oinez Tuteran laugarren aldiz. Aurrekoak 1995ean, 2002an eta 2013an izan ziren. Argia Ikastolako komunitateak nahi du “Nafarroa Oinez 2019 Erriberako jende guztiaren festa izatea, eta proiektuak ematen duen oihartzuna Erribera markarentzat erakusleiho izatea. Besoak zabalik hartuko ditugu Oinezen antolakuntzan eta garapenean lagundu nahi duten guztiak”.