Harri jasotzaile izan nahi duzu?

Guaixe 2018ko aza. 8a, 12:42

Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentru Teknikoan izena ematea zabalik dago

Harri jasotzean trebatu nahi dutenek gurean badute aukera. Izan ere, beste behin, ateak zabalduko ditu Sakanako Herri Jasotze Eskola eta Zentru Teknikoak. Sakanan edo inguruan bizi eta harri jasotzean aritu edo hasi nahi dutenek eman dezakete izena, 16 urtetik gorakoek.

Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentru Teknikoa 2004/2005 denboraldian sortu zen, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak bulkatuta. Helburua herri kirolak sustatzea eta, zehazki, harri jasotzean trebatu nahi dutenei bitartekoak ematea da. Izan ere, harri jasotzean, aizkoran edo antzeko kiroletan trebatzea zaila izaten da halako kiroletan aritzen den senitartekorik ez dutenendako, materiala lortzea eta irakasleak lortzea konplikatua baita. Zailtasun horiei irtenbidea emateko sortu zen Sakanako Harri Jasotze eskola eta zentru teknikoa. 2004 urtetik makina bat sakandar, larraundar eta iruindar pasatu da bertatik.

Hasieratik Irurtzunen bizi den Mikel Lasarte harri jasotzaileak du eskolaren ardura eta aurten ere bera izango da monitorea. Asteartetan emango dira klaseak, 18:30etik 20:00etara, Irurtzunen. Azaroaren 13an hasiko dira klaseak, ekainera arte luzatuko direnak. Behin izena emanda, derrigorrezkoa izango da klasera joatea. Klaseak euskaraz izango dira, eta norbaitek euskaraz ez badaki, hari gazteleraz zuzenduko zaio monitorea.

Harri jasotzea ez omen da gehienok pentsatzen dugun bezain gogorra. Hori dio Mikel Lasartek. Askotan teknika garrantzitsuagoa omen da indarra baino. Sekretu horiek guztiak irakasten ditu Sakanako Harri Jasotze Eskolan, eta kirol honetan interesa duten guztiei bertara jotzera animatu ditu.

Izena emateko azken egunak
Izena ematea Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan egin behar da (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Mank-ek Nafarroako Gobernuaren eta Irurtzungo Udalaren laguntza izan du ikastaroa antolatzeko.