Behobiari begira

Guaixe 2018ko aza. 9a, 11:54

30.775 korrikalari daude izena emanda igandean jokatuko den Behobia Donostian, tartean makina bat sakandar. “Eginez aldatu mundua” leloa du probak, emakumezkoak parte-hartzaileen erdia izatera heltzeko aldaketa soziala iradokitzen duena

Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa. Herri lasterketa ezagunaren 54. edizioa izango da igandean abiatuko dena eta asteartean eman zituzten proba honi lotutako zenbaki erraldoiak.  30.775 korrikalarik eman dute izena, aurreko urtean baino 137 gutxiago. Tartean daude korrikalari sakandar ugari. Bosgarren aldia da jarraian korrikalari kopuruak 30.000ren muga gainditu duela, eta alde horretatik kontentu daude antolatzaileak. Izandako jaitsiera txikia batez ere Gipuzkoako eta inguruko korrikalarien artean eman da. “Lasterketa kopurua gora egiten ari da eta horrek zerikusia izan du jaitsieran. Baina kopuruari eutsi egin diogu eta pozik gaude” azaldu zuen Behobiako koordinatzaile Iñigo Etxeberriak.

Izena eman duten 30.775 korrikalarietatik %24,48 emakumezkoak dira, 7.534. Antolakuntzatik emakumeen parte-hartzea sustatzen jarraitu nahi dute, eta, ildo honetan, aurtengo edizioaren aurkezpenean antolakuntzak 50/50 egitasmoaren berri eman zuen: 2025ean korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea dute helburu. “Hori lortzea ahalbidetuko duen aldaketa soziala bulkatu nahi dugu. Horregatik jarri diogu aurtengo lasterketari Eginez aldatu mundua leloa” aipatu zuen Fortuna klub antolatzaileko ordezkari Arantza Rojok.

Ibilbidea ohikoa izango da: Behobiatik abiatu eta Donostiako Bulebarrean amaituko da, 20 km osatuta. Goizeko 09:45ean urritasunen bat duten 87 parte-hartzaileak abiatuko dira, 9:50ean 214 irristalariek ekingo diote probari eta korrikalarien irteera 10:15ean izango da. Guztira 18 taldetan banatuta ekingo diote probari korrikalariek, dortsalaren kolorea kontuan hartuta. Aipatzekoa da lasterkariei laguntzen 29 erbi arituko direla, horietatik 13 emakumezkoak. Ibilbidean barna 7 hornidura gune eta 13 animazio gune izango dira, eta lasterketa uzteko 23 toki prestatu ditu antolakuntzak.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, proba irabazteko hautagaien artean aurreko urteko bi garaileak, Carles Castilleko eta Aroa Merino izango dira, baina Castillejo ez omen da irabazteko lehiatuko eta Jaume Leiva, Ivan Fernandez, Iraitz Arrospide eta Diana Martin jotzen dituzte faborito nagusiak.

Behobia Txikia, larunbatean eta Behobia Gaztea igandean
Bezperan, larunbatean, Behobia Txikia jokatuko da Anoetako estadio txikian, 15:00etatik hasita. 12 urte bitarteko 2.500 haurrendako tokia jarriko du antolakuntzak. Eta Behobia Gaztea (4,5 km), aldiz, igandean jokatuko da. 09:45ean abiatuko da proba, Herrera auzotik, eta 248 nerabek eman dute izena.

Aurten, lasterketaren azoka ez da Donostian egingo, Irungo Ficoban baizik, ostiralean eta larunbatean. 35 erakusmahi egongo dira.

Sakandarrak
2017an 68 sakandarrek lortu zuten Behobia eta Donostia lotzea, eta Egoitz Karrion irurtzundarra (1:15:30) eta Erkuden San Martin etxarriarra (1:31:29) izan ziren azkarrenak. Aipatzekoa da Joxemari Mercero beterano unanuarrak bere 31. Behobia-Donostia osatu zuela 78 urterekin.

Aurten ere makina bat sakandar animatuko dira Behobia osatzera. Azken hilabetean ohikoa izan da Sakanako errepide eta bideetatik korrikalariak entrenatzen ikustea. Horietatik asko aurreko larunbatean Iruñean aritu ziren, Harresien Lasterketan. Guztira 4.026 korrikalarik parte hartu zuten, hiru distantziatan: 15 km, 10 km eta 5 km, eta sakandar askok osatu zuten gauean Iruñeko harresi eta Gotorlekuan barna jokatutako proba ikusgarria. Beste askok Olaztin jokatutako Sakanako Herri Lasterketan parte hartu zuten eta horrela, guztiak, behar bezala prestatuta iritsiko dira igandeko Behobia-Donostia zita garrantzitsura.