Gozo-gazi

SASOIA 2018ko aza. 9a, 08:32

Iraileko azken egunetan idatzi nuen GUAIXEN nire kolaborazioa. Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko eguna ospatzen zenez, aipatzen nuen, egun borobil bat antolatzeko jubilatuen artean zegoen mugimendua eta konpromisoa, eta hau batasunetik abiatuta. Dirudienez, politikoen artean ere sortu genuen kezka moduko bat.

Beharbada horregatik, eta gure batasuna apurtzeko asmoarekin, proposamen batzuk aurreikusi zizkiguten –KPIaren igoera automatikoa, S.M.I-a 900 euro, gutxieneko pentsioak % 3 igo...–. Ministra ere etorri zen eta egon zen gure ordezkariekin, baina ez dute lortu, oraingoz, helburu hori. Erkidegoan, urriaren 1ean egin ziren ekitaldiak arrakastatsuak izan ziren eta ahobatez aldarrikatu ziren urtean zehar aldarrikatzen ditugun eskubideak: Pentsioen Sistema Publikoa bermatu, prekaritatea sortu arazten duten hitzarmen laboralak baliogabetu,1080 euroko pentsioa, genero arteko arrakala deuseztatu, KPIaren araberako igoerak…

Baina, zoritxarrez, Nafarroari dagokionez, ezin dugu baieztatu horrelako erantzun baikorrik. Ez genuen elkar ulertu, ez ginen konpondu. Manifa jendetsu baten beharrean, bizitasunik gabeko bi egin genituen Iruñean. Akatsak banatu beharrak izango dira taldeen eta erakundeen artean,baina kaltetuak jubilatuok, pentsionistok guztiok izan gara. Gure aldarrikapenak ez dute izan merezi eta beharrezkoa duten erantzuna.

Gure iritzia, gure ekarpena, apaltasunez egiteko gai ez gara izan eta hau negargarria da zalantzarik gabe.
Ez naiz gertatukoaren errua banatzen hasiko, baina argi utzi nahi dut horrela ez goazela inora. Sinesgaitza egiten zait adin hauetara iritsi eta elkar ulertzeko gai ez izatea, pertsonak baina gehiago balio al du iritziak? Iritziak defendatzeko modu bakarra al dago? Jubilatuen egoerak ez al du merezi beste jarrera bat gure aldetik? Jarreraz aldatzeko inflexio puntua bilakatu dadila urriaren 1an izandako hanka sartzea.