Lagun Arteak Leitzan irabazi zuen eta Altsasu Berriozartik punturik gabe itzuli zen

Guaixe 2018ko aza. 12a, 13:25
Altsasu.

Erregional maila. 10. jardunaldia: Aurrera 1 – Lagun Artea 2 / Berriozar 1– Altsasu 0

Erregional mailan dabiltzan gure bi taldeek txanponaren bi aldeak ikusi zituzten erregional mailako 10. jardunaldian.

Lakuntzako Lagun Arteak Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra. Partida hasi eta lehen minutuan Lagun Arteako Berastegik gola sartu zuen, eta hortik aurrera ongi defendatu zuten lakuntzarrek. Aurrera taldea partidari erritmo gehiago sartzen saiatu zen, baina Lagun Artea erritmo hori apurtzen saiatu zen. Partidak aurrera egin zuen eta 75. minutuan Burillok Lagunen bigarrena sartu zuen. Nahiz eta Aurrerak gol bat sartu eta markagailuan gerturatu, garaipenari eustea lortu zuen Lagun Arteak, 1 eta 2 irabazita. Horrela, urrezko 3 puntu lortu zituzten lakuntzarrek.

Altsasuk, aldiz, Berriozarren jokatu zuen. Lehen zatian bi taldeak saiatu ziren, baina husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak, Berriozarko Javik 57. minutuan gola sartu arte. Hortik aurrera berdinketa lortzen saiatu ziren altsasuarrak, baina Berriozarrek defentsa bikaina egin zuen eta hiru puntuak bertan geratu ziren.

Erregionaleko liderra Barañaingo Lagunak B taldea da (24 puntu). Puntu bat gutxiago du Lakuntzako Lagun Arteak, sailkapenean bigarrena denak (23 puntu). Altsasuk, galdu arren, laugarren postuari heltzen dio (17 puntu). Asteburuan Lagun Arteak 17 punturekin sailkapenean bosgarrena den Berriozar taldea hartuko du eta Altsasuk 15 punturekin zazpigarrena den Lekunberriko Beti Kozkor. Ez dago esaterik bi partida hauek irabaztea garrantzitsua dela gure bi taldeendako, sailkapeneko postuak jokoan baitaude.