Garabatos taldearen lehen diskoko azaletik isiltasuna eskatzen digu Iratik.
Disko honen ibilbidea 2017an Lakuntzako Udalak antolatutako Pop Rock Sakana lehiaketan hasi zen. Orduan erabaki zuen taldeak bere abesti propioak sortzen hastea, hau baitzen lehiaketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza. Ordura arte, Garabatos taldea beste musika talde batzuen abestien bertsioak eginez sendotzen, eta abestiak euren eremura eramanez taldearen estiloa eta soinua definitzen joan zen. Baina urratsa eman behar da. Sortu behar da, musikariak barruan daramana atera behar da.
Taldekideak gazteak izan arren, taldearen soinuak 70 eta 80. hamarkadako rocka ekartzen digu gogora, oinarri erritmiko indartsua eta gitarren protagonismo handia, etxarriarraren ahotsa ikaragarria babestuz.
Iñaki eta Gaizka gitarrekin. Mikel baterian, Asier baxuan eta Irati ahots nagusia.
Guztiak oso gertutik datoz, Etxarri Aranaztik, Urdiaindik eta Altsasutik. Hala ere, bat egitea zaila da, eta diskoaren grabaketak hamar hilabete inguru behar izan ditu. Lehenengo etapan lau abesti grabatu ziren eta taldeak diskoa osatzen duten gainontzeko abestiak konposatzen jarraitu zuen. Azken abestiak prest zituztenean, grabaketari ekin genion berriro ere eta orain, entsegu gelan izandako lana eta ilusio guztiaren emaitza dugu esku artean.
“Silencio” Garabatos taldearen zuzenekoaren isla fidela da. Engainurik gabeko diskoa, zintzoa eta energiaz beteta. Rock hutsa.
Zazpi mozketaz osaturik dago. Bakoitzean sakonduez gero, taldearen eraginak argi gelditzen dira, urrutikoak batzuk eta etxetik iritsiak besteak.
Nortasuna handiko diskoa da. Egun, eskenatoki gazteenetan topatu ditzakegun estilo eta soinuetatik ihes. Garabatosen hautua garbia da, edozein gauzaren gainetik gustukoa dutena egitea.