Irurtzun eta Etxarri Aranatz Euskal Herriko Nazionalean

Guaixe 2018ko aza. 29a, 11:09

24 klubek parte hartuko dute Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionalean, tartean Irurtzun eta Etxarri Aranatz. Aurreko urteko txapelketan lortutako klasifikazioagatik, Irurtzun final laurdenetako multzo buruetako bat izango da; Etxarri Aranatzek, aldiz, aurre fasea jokatu beharko du

Bukatu da Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionalean izena emateko epea. Antolatzaileak, Pilotabizi Pelotazaleen Elkartekoak, oso kontentu daude, inoiz baino parte-hartze handiagoa izango baita: guztira 24 klubek eman dute izena bertan aritzeko. Tartean daude Irurtzun eta Etxarri Aranatz klubak. “Aurreikuspen optimistenak ere gainditu ditu kopuru honek. Oso harro sentitzeaz aparte, eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu parte hartuko duten klub guztiei, beraiena era baita arrakasta hau. Bestalde, diasporako zenbait klubek torneoan parte hartzeko bidali diguten eskaera kontuan hartu eta aztertuko dugu, hurrengo ediziorako” adierazi du Pilotabizik.

Aurreko IV. Edizioan lortutako klasifikazioa kontuan hartuz, final laurdenetan ondoko klubak izango dira multzo-buru: Zazpi Iturri, Irurtzun, Buruzgain eta Hernani. Bestalde, final zortzirenetako II. Faseko multzo buruak Erreka, Zaramaga, Lemoa eta Tolosa izango dira. Eta gainontzeko klubek, Etxarri Aranatz tartean, aurre fasea edo kanporaketa bat jokatu beharko dute; aurre kanporaketa hori irabazten duten 8 klubak izango dira final zortzirenetako I. Fasera sartuko direnak. Etxarrirekin batera Markina, Usansolo, Illunpe, Lea Ibarra, Eple, Tartaloetxe, Amurrio, Txukun Lakua, Adiskide, Gazteleku, Behar Zana, Bergara, Paz de Ziganda, Oberena eta Iurreta ariko dira aurre fasean.

Datak eta frontoiak
Aurre faseko partidak zeintzuk izango diren erabakitzeko zozketa egingo da azaroaren 29an Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionala aurkezteko Billabonako Hika Txakolindegian egingo den aurkezpenean. Kanporaketa hauek abenduaren 3a eta 9a artean jokatuko dira. Final zortzirenetako I. Fasea Amezketako Larrunarri frontoian jokatuko da, abenduaren 16an, 22an eta 29an eta ilbeltzaren 4an. Final zortzirenetako II. Fasea Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatuko da ilbeltzaren 12an, 13an, 19an eta 20an, eta final laurdenak, final erdiak eta final handia Tolosako Beotibar pilotalekuak hartuko ditu.

Irurtzun finalista izan zen iaz eta Etxarrik debutatu egingo du
Irurtzun pilota eskola duela 35 urte sortu zen eta gero, pilota elkarte bezala, duela 26 urte hasi zen lanean. Fermin Escuderok, Yaben Ulzurrunek, Ignacio Martiarenak, Pedro Zudairek, Edu Matak eta Migel Berazak, tartean, ordu asko ematen dituzte guztia aurrera atera dadin. Gaur egun eskolak 55 pilotari federatu dauzka. Urte luze hauetan Irurtzunen trebatutako makina bat pilotarik egin dute salto profesionaletara: Nagore, Chafee, Begino, Ongay, Idoate, L. Galarza, Zubieta… Historia handiko kluba da, tartean hainbat trofeo garrantzitsu dituena: Espainiako txapela goi mailan, Euskal Ligakoa, Berria Torneoa… Aurreko urtean Euskal Herriko Kluben Arteko IV. Txapelketako finalista izan zen Irurtzun, baina Amezketako Zazpi Iturriren kontrako finalean gipuzkoarrak gailendu ziren. Aurten torneoa irabaztea da Irurtzunen helburua. Alberto Ongay, Olano, Olazabal eta Iosu Bergera dira, aldaketarik ez badago, torneoan Irurtzun ordezkatuko duten pilotariak.

Bestalde, Etxarri Aranatz kluba 2002an sortu zen. Mattin Ezkurdiak eskuzko pilotaren ardura du, Aitor Zubietaren laguntzarekin eta Migel Aristorenarena da emakumezkoen pala sekzioaren kudeaketa. Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketan parte hartuko duten pilotariak oso gazteak izango dira, 18-19 urtekoak: Lazkoz, Otxoa, Petriati, Ansotegi eta Azkune. Gazteak baina ilusioz beteak.