Eseverrik Kirol Merituari Urrezko Domina jasoko du

Guaixe 2018ko aza. 15a, 09:03
Eseverri, Osasuna Magna Xotaren omenaldia jasotzen.

Nafarroako Gobernuak azaroaren 30ean banatuko ditu Kirol Merituari Urrezko eta Zilarrezko Dominak, Nafarroaren Egunaren oroitzapenezko jardueren barruan

Nafarroako Gobernuak erabaki du nori emango dien Kirol Merituari Urrezko eta Zilarrezko dominak. Guztira urrezko bi eta zilarreko 13 domina banatuko ditu azaroaren 30ean Nafarroako Jauregian, Nafarroako Egunaren oroitzapenezko jardueren barruan.

Urrezko domina Koteto Ezkurra erremontistak (Doneztebe, 1973) eta Javier Eseverri areto futbol jokalari ohiak (Iruña, 1977) jasoko dute. Eseverriren ibilbidea Irurtzungo Xota klubari egon da lotuta; Imanol Arregik zuzentzen duen taldeko kapitain eta arima izan zen, aurten erretiroa hartzea erabaki zuenera arte. “23 urtez areto futboletan jokatzeagatik, horietatik 20 goi-mailako kategorian, betiere Irurtzungo Xota kirol-taldearekin. Nazioarteko jokalaria izan da hainbatetan, eta ligako jokalari onena izendatua, bere postuan, 2006an” azaldu du Nafarroako Gobernuak, Kirol Merituari Urrezko dominaren zergatiak arrazoituz.