"Hizkuntza berdintasun egoera ahalbidetuko da"

Guaixe 2018ko aza. 16a, 08:38
Patxi Rabaz arbizuarra, Eva Leatxe lakuntzarra, Mikel Azkona urdiaindarra eta Sonia Maria eta Elena Carretero arbizuarrak.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Euskaraldia eginen da Euskal Herrian. Bi rol egonen dira: ahobiziak eta belarriprestak. Patxi Rabaz, Eva Leatxe, Mikel Azkona, Sonia Maria eta Elena Carretero belarriprest izanen dira

1. Zer da belarriprest izatea?
Eva: Hamaika egunetan, Euskaraldiak iraun bitartean, eukaraz entzuteko konpromisoa hartu dugu. Ahobiziek txapa bat eramango dute eta belarriprestek beste bat eramango dugu. Horrela jendeak identifikatuko gaitu.

2. Beraz, euskaraz entzutera konpromisoa hartu duzue. Eta hitz egitzeko?
Saiatuko gara, bai.

3. Zergatik zarete belarriprest?
Mikel: Nik izena eman dut gure gizartean oso normalizatuta dagoelako euskaldun bat eta gaztelaniadun bat dagoenean automatikoki gaztelaniaz egitea, euskaraz egiteko aukera dagoenean. Nik euskaraz ulertzen dut, nahiz eta gero hitz egiteko maila oso altua ez izan. Beraz, nirekin euskaraz egin dezakete eta, agian, euskaraz erantzutera animatuko naiz.
Patxi: Nire ustez oso tresna egokia da. Iruñean lan egiten dut eta han, norlamean, gaztelaniaz egiten da. Euskaraz entzuten dudanean harritzen naiz, eta Euskaraldia euskaldunak identifikatzeko aukera izanen dut. Horrela haiekin lehenengo hitza euskaraz egitera ausartuko naiz.  

4. Euskara ikasleak zarete?
Bai. Gehien bat etxean haurrekin egiten dugu.
Elena: Arbizun mintzakide programan gaude duela hiru urte.
Eva: Ni nintzen.

5. Nola hartu duzue erronka?
P.: Erronka berezia da. Modu honetan erakutsiko diogu jendeari euskaraz ulertzeko gai garela. Eta euskaraz hitz egiteko gai ikusten bagara, adieraziko diogu ere.
Konpromisoa beteko dugu, ziur.

6. Normalean jendeak nola egiten du zuekin?
E.: Haurrekin euskaraz eta kalean gehiago gaztelaniaz.
M.: Etxean haurrekin beti euskaraz eta emaztearekin erdizka. Faltan botatzen dut kalean euskaraz gehiago hitz egitea. Uste dut ezinbestekoa dela.
E.: Arbizun, aldiz, dena euskaraz egiten da eta guretako oso garrantzitsua da.

7. Euskaraldia bezalako egitasmoak euskararen normalizazioan lagunduko duela uste duzue?
Sonia: Nik uste dut baietz. Espero dugu baietz.
Eva: Bai. Gainera, aukera hau guretzat ikasteko modu bat da. Euskaraz enzuten badugu gehiago ikasiko dugu, eta, pixkanaka, euskaraz egitera ohitura hartuko dugu ere.
M.: Oso aukera polita da euskaraz hitz egiten kostatzen zaigunoi egitera animatzeko. Evak esan duen bezala, entzuten dugunean beti gelditzen zaigu zerbait eta ikasten dugu. Nik haurrekin egiten dut haurrek ez dizutelako epaitzen, ez dizute esaten gaizki egin duzunik. Hala ere, geroz eta zailtasun gehiago ditut haien maila igotzen ari delako. Ohitura sortzea da.

8 Baina zuek egunero zarete belarriprest.
Bai. Saiatzen gara.
Elena: Lehendabiziko urteak hemen Arbizun beti gaztelaniaz egiten zidaten eta behin euskaraz ulertzen nuen galdetu zidaten. Baietz esan nien baina lotsa ematen zidala hitz egitea. Eta esan zidaten egiteko, ez zela ezer pasatzen.
S.: Niri berdina. Jendeak badaki ez dakidala ongi euskaraz, ikasten ari naizela, eta esaten didate lasai aritzeko. Saiatzeko. Egunero praktikatzen dut, belarriprest egunero naiz. Euskaraz hitz egiten dut eta noizean behin gaztelaniaz esaldiren bat botatzen dut. Zortea dugu Arbizu oso euskalduna delako.

9. Beraz, Euskaraldia ere hitz egiteko lotsa kentzeko baliagarria izango da, ez?
S.: Bai, azkenean beste belarriprestekin elkartuko gara eta badakigu egoera berdinean egongo garela.
Eva: Barnetegi batean bezala izango da, ez? Badakigu han dagoen jendea gu bezala dagoela. Zerbait ulertzen ez badugu esango diegu mesedez beste modu batean azaltzeko ulertu arte. Beste hizkuntzekin egiten den bezala.

10. Hamaika eguneko konpromisoa hartu duzue, baina etorkizunean jarraituko duzue?
Bai. Ohitura sortzea da.

11. Zergatik da garrantzitsua belarriprest-ak egotea?
Eva: Alde batetik, euskaldunei gaztelaniaz egitera ez derrigortzeko. Bestetik, guretzako oso garrantzitsua delako euskaraz entzutea.
P.: Euskaldunek gurekin euskaraz hitz egiteko lotsa galduko dute. Errespetuagatik-edo gurekin gaztelaniaz hitz egiten dute, baina txapa ikustean euskaraz ulerzten dugula jakingo dute eta errespetu edo lotsa hori galduko dute.
M.: Hizkuntza berdintasun egoera batean egotea ahalbidetzen du. Buelta ematea da, hau da, "esfortzua", nahiz eta komunikatzea esfortzua ez den, elkarbanatua izatea. Euksladunak ez izatea beti amore ematen dutenak eta gaztelaniara pasatzen direnak. Horrela ere euskaraz hitz egiteko pertsonen kopurua handituko da.