Neska, pilotari izan nahi duzu?

Guaixe 2018ko aza. 15a, 15:48

Emakumeendako Pilota Eskola dago martxan Altsasun, maiatza bitartean, haur eta gazteendako. Izena ematea zabalik dago

Geroz eta emakume pilotari gehiago dago eta Sakanan ere zaletasuna duten neska eta gazteei pilotan trebatzeko aukera eskaini nahi zaie. Horrela, Altsasuko Udalak eta Nafarroako Pilota Federazioak antolatuta, martxan da emakumeendako pilota eskola. Eskola antolatzeko orduan, Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dute antolatzaileek.

Urrian zabaldu zituen ateak emakumeendako pilota eskolak baina oraindik izena eman daiteke. Horretarako, haurrek (2005-2009 bitartean jaiotakoak) Altsasuko Kirol Zerbitzura jo behar dute (948 563 410) eta gazteak (2004an jaiotakoak edo helduagoak), Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).

Lander Goñi da emakumeendako pilota eskolako monitorea. Asteartetan (17:00-18:00) eta ostiraletan (18:00-19:00) haurrekin lan egiten du eta ostiraletan (19:00-20:00) gazteekin, Altsasuko Burunda pilotalekuan.