Sakanarako Lurreko Telebista Digital mugaketa eskatuta

Guaixe 2018ko aza. 15a, 18:21

Bi gobernuetako ordezkariak bilduta. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Ana Ollo Herritar eta Erakunde Harremanetarako kontseilaria Informazioaren eta Agenda Digitalaren Sozietaterako estatu-idazkariarekin, Francisco Polorekin, bildu zen astelehenean. Bilkura horretan Nafarroako espektro erradioelektrikoaren antolaketa izan zuten hizketagai. Hau da,   Lurreko Telebista Digitalen (LTD) mugaketak eta irrati lizentziak. Ollok Polori eskatu zion Nafarroan bi LTD mugaketa berri egiteko: bata Baztan-Bidasoan eta bestea Sakanan. Kontseilariak azaldu zuenez, udalek Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak dira horiek.

Bilera berean Ollok estatu-idazkariari eskatu zion irabazi asmorik gabeko irrati-etxeen lizentziak eta FMko irrati- komertzialetarako lizentziak zabaltzeko beharra. “Eskuragai zegoen espazio osoa esleitu dugu kasik, baina bi emisio motetarako eskaerak jasotzen ditugu oraindik”. Azkenik, Nafarroako Gobernuak LTDaren anizkoitz autonomikoaren espazioa optimizatze aldera, kanalak zabaltzeko eskatu du.