Gozamenez dastatzeko

Guaixe 2018ko aza. 16a, 12:41

Sakanako gazteen artean sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzeko helburuarekin segitzen du ibarreko Gozamenez batzordeak. Horregatik, astebururako bi hitzordu prestatu ditu. Zentzumenen gaua izena eman dio gaur Altsasun antolatu duen hitzorduari. Kabaret modukoa bihurtuko da Haritza taberna 22:30etik aurrera Alicate, la gramola del amor emanaldiarekin.  

Dorraon, berriz, Ergoienako gazteei zuzendutako eskaintza izanen da bihar, 18:00etatik 20:00etara. Gizarte gelan, Matthew Warchus ingeles zinema zuzendariaren Pride (Harrotasuna) drama eta komedia uztartzen dituen 2014ko filma ikusteko aukera izanen da. 1984. urtean Erresuma Batuan kokatuta dago filma. Londres hiriburuko Lesbiana eta Gayen Meatzarien Aldeko Babesa taldeak Galesko hegoaldean greban dauden meatzarien aldeko dirua biltzeko kanpainari ekin dio. Bitartean, meatzari grebalarien eta polizien arteko istilu larriak gertatuko dira. Filma abiapuntu izanik, ondoren, Diana Arbonies Porresek gidatutako zine-foruma izanen da, baita merendua ere.

Argazkiak: Sakanako Gozamenez batzordea.