Aste bat falta da. Azaroaren 23an, aste bat barru, Euskaraldia hasiko da. Abenduaren 3raino iraunen duena. Hizkuntza portaerak aldatzeko borondatezko ariketa indibiduala da. Indibiduala bai, baina aldi berean kolektiboa. Izan ere, 11 egun horietan euren hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu dute. Pertsonen arteko euskarazko komunikazioari bultzada eman nahi dio ariketa horrek. Horretarako, Ahobizi rola hartzen dutenei ahal duten guztietan euskaraz hitz egiteko eskatu zaie. Belarriprest izatea erabaki duten pertsonek, berriz, Ahobizien inguruan sarea osatuko dute eta erraztasunak emanen diete haiekin euskaraz hitz egin nahi dutenei. Modu horretan lehen gaztelaniaz ziren elkarrizketak euskaraz izanen dira. Kalean, lantokietan eta toki publikoetan euskara gehiago entzunen da, eta horrek erabilera handitzeko bultzada izanen da. Bi rolek, bai Ahobizik, bai Belarriprestek, euskararekiko jarrera bat eskatzen dute. Bi rolek garrantzia bera dute.
Hori guztia ederki azaldu izan dute Sakanan barna eratu diren Euskaraldia taldeetako kideek. Edo www.euskaraldia.eus web orria bisitatu dutenek. Euskaraldia Ahobiziak eta Belarriprestak identifikatzeko txapa ezinbestekoa da eta asteburu honetan hainbat herritan eginen diren ekitaldietan banatuko dira. Irurtzunen iganderako jarri dute hitzordua. 12:30ean kalejira eginen dute herrian barna Irurtzungo gaitariekin, txistulariekin, trikitilariekin eta pertsonaia mitologikoekin. 13:00etan plazara iritsiko dira eta han txapak banatuko dituzte. Oraindik izena eman ez duenak horretarako aukera izanen du eta materiala salduko da. Guztia musikaz eta Piku TBko aktoreek girotuko dute. Despeditzeko, 13:30ean, Irurtzungo Ahobizi eta Belarriprest guztien talde argazkia egin eta zizka-mizka izanen da.
Uharte Arakilen gaur dute hitzordua, 19:00etatik aurrera udaletxe atean. Handik pasatzen direnek Euskaraldian izena emateko aukera izanen dute, baita txapak jasotzekoa ere. Gainera, pintxo-pote berezia antolatu dute, bi eurotan izanen dena. Lakuntzan, plazan,txapak banatuko dituzte igandean, 12:30etik 14:00etara.
Lizarragan Euskaraldiko taldekoek Azi-iturri elkartera igandean joateko eskatu dute, 17:00etan. Txapak banatuko dituzte, txokolate-janaz goxatuta. Urdiainen gaur, 19:30etik aurrera herriaren etxe ondoan jarriko dira Euskaraldiko taldekoak. Informazio mahaia jarriko dute eta zalantzak dituztenak han argitzeko aukera izanen dute. Eta, jakina, izena emateko ere. Hala egin dutenek txapak jasotzeko aukera izanen dute. Gaur joaterik ez duen urdiaindarrik baldin badago, astelehenetik informazioa eta dagokion txapa goizez herriaren etxeko bulegoan eta arratsaldez liburutegian jaso ditzake.
Altsasuko Euskaraldiko taldeak hitzordu bikoitza du astebururako. Lehenik, Ahobizi eta Belarriprest gisa izena eman dutenendako hitzordua jarri dute. Gaur, 19:00etatik 20:00etara, Gure Etxea eraikinean rol bakoitzari buruzko azalpenak emanen dituzte. Domekan, berriz, Euskaraldiari ongi etorria emateko ekitaldia eginen da 13:00etan Gure Etxea eraikinean. Pantxika Lamurrek aurkeztutako ekitaldian hainbat sorpresa izanen dira. Gainera, izena eman edota txapak jasotzeko aukera izanen da, baita auzatea ere.