SGAk agroekologia jardunaldiak antolatu ditu

Guaixe 2018ko aza. 16a, 10:02

Mizpira fruituz beteta.

Fruta-arbolen udazken eta neguko zaintzak eta merkaturatze kolektiboa nola artikulatu aztertuko dira.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) estreinako agroekologia jardunaldiak antolatu ditu. Bi saio izanen dira. Aurrenekoa, asteazkenean, frutagintzari eskainitako saioa izanen da eta Harri Herri frutagintza eta barazkigintza proiektua ezagutuz hasiko dira. Uharte Arakilgo plazan jarri dute hitzordua, 10:00etan. Plaza mugatuak dira. Bisita horren ondoren, 17:30ean, Arbizuko industrialdean dagoen Utzugane industrialdean, Andreu Vila Pascualek frutagintza ekologikoaren oinarriak azalduko ditu eta udazkeneko eta neguko lanak eta zaintzak izanen ditu hizpide.

Bera Arreu Bio kooperatibako teknikaria da. Baix Llobregateko Frutazainen Elkarteko teknikari arduradun 10 urte baino gehiago izan da. Batez ere fruta-arbolen osasuna, hau da, gaitzak eta izurriteak kontrolatzen aritu da. Bartzelonako Nekazaritza Goi Eskolan frutagintza ekologikoko irakasle 5 urte baino gehiago daramatza. Nekazaritza ekologikoari buruzko artikulu eta publikazio asko argitaratu ditu. Bestetik, “La Fertilidad de la Tierra” aldizkariaren frutagintza atalaren erredaktorea da.

Bigarren saioa
Agroekologiari buruzko jardunaldiak osatzeko SGAk azaroaren 30erako hitzordua jarri du. Hori ere Utzuganen, 18:00etan. Nekazaritza produktuen merkaturatze kolektiboaz hizketatzeko Kordoba hegoaldeko Subbetica Ecologica elkarteko hiru bazkide etorriko dira: Barbara Fernandez Muñoz (kontsumitzailea), Francisco Gamiz Martinez (kontsumitzailea) eta Arrate Corres Velasco (ekoizlea).

Elkarte hori 2009an sortutako elkarte bat zen, ekoizlez eta haiek babesten dituzten kontsumitzailez osatutakoa. Bere helburua bertako ekoizpen eta kontsumo ekologiko sustatzea da. Bere printzipioak honakoak dira: osasuna, elkarlana, ekologia, konfiantza, prezio egonkorrak, bidezkoak, duinak eta ez-espekultzaileak. Gaur egun elkartea 450 bat familia eta erakundez osatuta dago. Estatuan bere “Balance del Bien Común” zigilua lortu eta auditatu duen lehenengo nekazaritza elkartea da. Andaluziako bihotzean ekoizpen eta kontsumo eredu alternatibo bat errealitate bihurtzen ari da.

Izena emateko
nviana@sakanagaratzen.com e-postara idatziz edo 672 688 591 telefonora hots eginez.