Ezkurdiak eta Altunak finalerako materiala aukeratu zuten atzo

Guaixe 2018ko aza. 16a, 09:52
Argazkia: Aspe.

Ezkurdiak pilota fuertegoak aukeratu zituen eta Altunak pilota baxuagoak

Ikusmin handia zegoen atzo Nafarroa Arenan. Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak igandeko Lau t’erdiko finalerako materiala aukeratu zuten. Arbizuarrak pilota sendoagoak aukeratu zituen; baxuagoak, aldiz, Amezketakoak. Aukeraketan ez zen arazorik izan eta bi pilotariek nahi zutena topatu zuten.

Ezkurdiak Juan Martinez de Irujo eta bere prestatzaile fisikoa, Ruben, Aiarra, izan zituen alboan. Arbizuarrak azaldu zuen bere burua ez duela faborito ikusten, Altunak behetik gora egin duela txapelketan eta Amezketarra “oso ongi” ari dela jokatzen. Aldiz, Altuna III.ak Ezkurdia jo zuen finalerako faboritoa. Aldi berean, izandako lesioaz osatuta dagoela nabarmendu zuen.

Dirua parean aterako dela aipatu zen, akaso pixkat gehiago Altunaren alde. ETB1-etik ikusi ahalko da partida, eta programa berezia egingo dutela aipatu zuten ETBkoek; bertan Abel Barriola, Mikel Idoate eta Juan Mari Juaristi “Atano XIII.ak” hartuko dute parte. Halaber, Arbizutik autobus bat aterako da Ezkurdiaren aldeko zaleak bertara eramateko eta irabazi edo galdu, ondoren festa antolatuko dute Arbizun: frontoian bilduko dira afaltzera Ezkurdiaren zaleak.