Lagun Arteak lidergoa eskuratu du eta Altsasu bosgarrena da

Guaixe 2018ko aza. 19a, 13:10

Lagun Artea da erregionaleko liderra.

Erregional maila. 11. jardunaldia: Lagun Artea 5 – Berriozar 0 / Altsasu 0 – Beti Kozkor 0

Erregional mailan dabiltzan talde sakandarrek puntuatzea lortu dute 11. jardunaldian. Batetik, Lakuntzako Lagun Artea taldeak Berriozar hartu zuen Zelai Berrin eta esan beharra dago merezitako garaipena lortu zutela lakuntzarrek, partida goitik behera dominatu zutelako. Unai eta Burillo bikain aritu ziren, eta haiek sortutako jokaldietatik iritsi ziren gol gehienak. Unaik hiru gol sartu zituen, Burillok bat eta Hermosok bat. 5 eta 0 irabazita, 3 puntuak lortzeaz gain, bigarren postutik lehen postura salto egin eta erregional mailako lider da Lagun Artea.

Altsasuk, bere aldetik, Lekunberriko Beti Kozkor B taldea hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeak parez pare aritu ziren eta ez zuten gol aukera nabarmenik sortu. Altsasu partida kontrolatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta ez zuen apenas arriskurik sortu. Azken 15 minututan gogotsuago aritu ziren altsasuarrak eta gehiago saiatu ziren, baina markagailua ez zen aldatu eta husnako berdinketarekin bukatu zen partida.

Esan bezala, Lagun Artea da erregional mailako lehen multzoko liderra, 26 punturekin. Bi puntu ateratzen dizkio Barañaingo Lagunak B taldeari. Altsasu, aldiz, bosgarrena da sailkapenean, 18 punturekin. Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean zortzigarrena den Beti Kozkor izango du aurkari eta Altsasu sailkapenean bederatzigarrena den Gazte Berriak taldearen kontra ariko da.