Binakakoa: Ezkurdia Galarzarekin, Zabaleta Irribarriarekin eta Martija Altunarekin

Guaixe 2018ko aza. 21a, 13:28
Argazkia: Aspe.

Ostiralean hasiko da Binakako Txapelketa, Amezketan: Ezkurdiak eta Galarzak Altuna eta Martija izango dituzte aurkari. Irribarria-Zabaleta Elezkano II.a-Rezustaren kontra ariko dira igandean

Lau t’erdiaren ajea pasatu gabe, EPEL-ek Binakako Txapelketa aurkeztu zuen atzo Bilbon. Ostiralean hasiko da txapelketa, Amezketan, eta apirilaren 7an jokatzekoa da finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Guztira 8 bikote lehiatuko dira, lau enpresa bakoitzeko, bi multzotan banatuta. A multzoan Asperen ondoko bikoak daude: Altuna III.a-Martija, Elezkano II.a-Rezusta, Ezkurdia-Galarza eta Irribarria-Zabaleta. B multzoan aldiz, Asegarceren Olaizola II.a-Albisu, Urrutikoetxea-Aretxabaleta, Bengoetxea VI.a-Imaz eta Artola-Mariezkurrena II.a. Olaizola II.ak eta Albisuk bikote sendoenetakoa osatzen dutela aipatu zuten gehienek, eta Irribarria-Zabaleta eta Elezkano II.a-Rezusta ere sartu zituzten faboritoen artean. Aspeko zuzendari komertzial Iñaxio Errandoneak azaldu zuenez, Aspek zalantza asko izan zituen bikoteak osatzeko, bikote misto bat osatzeko zorian egon ziren. “Asegarceren atzelari bat utzita hartzeko aukera aztertu genuen, baina Ladis Galarzak azken partidetan erakutsi duen jokoa ikusita, txapelketa jokatzeko moduko sasoian dagoela uste dugu” esan zuen Errandoneak. Joseba Ezkurdiarekin ariko da Baraibarkoa.

Txapelketako lehiatzeko sisteman ez dago aldaketarik. Final laurdenetako ligaxkan 14 jardunaldi jokatuko dira, denak denen aurka bi itzulitan; ondoren 3 jardunaldiko finalerdietako ligaxka helduko da eta, azkenik, Bizkaian jokatuko den final handia. Bestalde, enpresek pilotariak nahi bezala aldatzeko aukera izango dute, egiten ari diren jokoa egokia ez dela iruditzen bazaie eta aurten ez da botilerorik egongo.

Datorrena
Asteburuan jokatuko da final laurdenetako ligaxkako 1. jardunaldia. Ezkurdiak Ladis Galarzarekin osatuko du bikoa Altunaren eta Julen Martijaren kontra aritzeko. Partida ostiralean jokatuko da, Altunaren etxean, Amezketan. Ezkurdiak azaldu duenez, txapelketan ongi hastea garrantzitsua izaten da, animoa goian izateko. “Gustura Ladisekin jokatzearekin. Garai onean dago eta nik ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz; ea lan ona egiten dugun eta lehiakorrak garen. Partidaz partida joatea da kontua” azaldu zuen lau t’erdiko txapeldunak. Bihar, asteazkenean, material aukeraketa egingo dute Amezketan eta entrenatzeko aprobetxatuko dute. Zalantzarik gabe, elkarrekin konfiantza lortzea gakoa izanen da Ezkurdiarendako eta Galarzarendako, gutxitan jokatu baitute elkarrekin. Julen Martijak Altunarekin errepikatuko du bikoa, aurreko urtean ere elkarrekin ibili ziren, eta, hortaz, ez dute hasi berrien lanik egin behar izango. Ostiralekoa partida gogorra izango dela aurreikusten da.

Bestalde, Zabaletak ere bikoa estreinatuko du: Irribarria. Aurreko urtean bikote izan ziren Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari igandean Bergaran. Kasu honetan ere bikotea sortzeko eta elikatzeko lanak egin beharko dituzte Zabaletak eta Irribarriak.

Binakako final laurdenetako ligaxkako 1. jardunaldia
Altuna-Martija / Ezkurdia-Galarza (ostiralean, 22:00etan, Amezketan. ETB1)
Olaizola II.a-Albisu / Urrutikoetxea-Aretxabaleta (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Elezkano II.a-Rezusta / Irribarria-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Bergaran. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Imaz / Artola-Mariezkurrena II.a (astelehenean, 16:30ean, Tolosan. ETB1)