Konponketak industrialdeetan

Guaixe 2018ko aza. 24a, 09:38
Etxarri Aranazko Utzubar industrialdeko urbanizazio lanak.

Bai Etxarri Aranazko Udalak bai Altsasuko Udalak industrialde banatan konponketa lanak egiten ari dira. Asmoa da horiek behar bezala jarri eta ekonomia jarduera erakarri eta egoki garatu dadila. Etxarri Aranazko Udala Utzubar industrialdeko urbanizazioko 1. faseko lana egiten ari da. Zorua berritu eta zuntz optikoa jartzen ari dira. Horretara, 189.773,23 euro bideratu dira. Erdia, 94.886,62 euro, enpresek ordainduko dute. Horretarako, kontribuzio bereziak ezarri ditu. Eta beste erdia Nafarroako Gobernuak pagatuko du, zati bat aurten, 23.721,65, eta beste zatia heldu den urtean, 71.164,96 euro.

Altsasuko Udalak, bestalde, Ondarria industrialdeko urbanizazioan konponketak egin ditu, zehazki, zorua berritu eta seinaleztapen bertikala jarri ditu. Horiek 74.877,32 euroko aurrekontua du. Udalak 35.192,34 euro (% 47) pagatuko ditu eta gainontzeko 39.684,98 euro (% 53) foru administrazioak. Altsasuren kasuan ere foru administrazioak ordainketa bi epetan eginen du: 30.503,18 aurten eta 9.181,8 euro heldu den urtean. Zorua berritzeko lanak bi fasetan egin dira, joan den urtean eta aurten. Altsasuko Udalak Ondarria industrialdeko argiteria publikoko kanalizazioa eta kableak berritu eta egungo argiak LEDengatik ordezkatuko ditu ere. Lan horiek ez dira aipatu diru-laguntzan sartzen, baizik eta Tokiko Inbertsio Planean. Eta horrek laguntza soilik argiendako eman du. Baina udalak industrialdeak hobetzeko diru-laguntzen deialdira aurkeztu nahi ditu beste lanak.