Euskararekin jarrera hartzera

Guaixe 2018ko aza. 23a, 08:41

Sakanako populazioaren % 10,84k, 2.189 sakandarrek, gaurtik aurrera ariketa indibidual eta, aldi berean, kolektibo batean parte hartuko dute: Euskaraldia. Hizkuntzarekiko jarrera hartuko dute eta, horrela, euskararen erabileran eraginen dute

Sakandar ugarik txapa mustu dute gaur. Jertsean, berokian,  bufandan, txanoan… aldean daramate toki ikusgarri batean. Gaur hasi eta 11 egunez, Euskararen Egunera arte. Gaur mustu diren txapa horietan bi irudi daude: ahoa edo belarria. Txapa horiek daramaten sakandarrek erabaki bat hartu dute: euren hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte. Eta txapa bidez jakinarazi nahi digute 11 egunez euskararekiko jarrera aktibo bat hartu dutela. Jarrera bai, ariketak ez baitu zerikusirik euskararen ezagutza mailarekin.

Txapan aho baten marrazkia  dutenak Ahobiziak dira. Beraiek orain arte euskaraz izan dituzten elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo ele biz izatea ere lortuko dute. Horretarako, euren harreman sarean hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duten horietan eragingo dute. Harreman horietaz aparte, 11 egunetan bere bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko da, ahal den guztietan, ahal duen guztiekin. Horretarako jarrera aktiboa izanen dute.

Txapan belarri bat dutenak Belarriprestak dira. Haiek ere orain arte euskaraz izan dituzten elkarrizketak euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo ele biz izatea ere lortuko dute.

Haiena ere jarrera aktiboa izanen da eta, beraz, gonbidapena eginen diete euskal hiztunek eurekin euskaraz hitz egin dezaten. Belarriprestek jabetu behar dute euren funtzioa oso garrantzitsua dela, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko dutelako. Aldi berean, Euskaraldiak irauten duen bitartean Belarriprestekgiro babestua izanen dute, ahobizi eta belarriprest ugari izanen baitituzte 11 egunez Euskal Herrian.

Arrazoi bat dela, bestea dela, bateko eta besteko rolak hartu dituzten pertsonen artean ilusioa sumatzen da. Jendeak ederki asko ulertu du Ahobizi rola, euskaldunei askotan eskatu zaielako euskaraz hitz egitea. Belarriprest rola kontu berria da eta, beraz, bere garrantziaz jabetzea kostako dela uste da. Datuek alde hori erakusten dute Euskal Herrian izena emandako 196.000 pertsonen % 74 Ahobizi dira, Sakanan % 79. Belarriprest, berriz, Euskal Herrian % 26 eta Sakanan  %21.

Belarripresten garrantzia
Martxan jarri den ariketa kolektiboaren berritasuna da ez dagoela soilik euskaldun osoei zuzenduta. Ez dutela soilik euskaraz erraz hitz egiten eta ulertzen duten pertsonek parte hartu behar. Jendartean gero eta jende gehiago dago euskara hitz ez egin arren hizkuntza ulertu egiten duena. Batez ere gazteen artean eta irakaskuntzaren eraginez. Euskara haien bizitzaren erdigunean ez dago, baina parte bat da.

Eta Euskaraldian ere haiei erreparatu zaie, Belarriprestei. Hizkuntza ulertzen dutenez, euskarazko elkarrizketa batean parte hartu dezaketelako. Gutxi ulertzen dutenen kasuetan ere, erraztasunak emanez, haiekin ere euskaraz hizketatzeko aukera dago. Eta horrek zein ondorio duen? Lehen gaztelaniaz ziren elkarrizketak hizketaldi elebidunak bihurtzea. Pertsona bat euskaraz aritzea eta bestea gaztelaniaz, edo euskara tartekatuz hizketatzea. Eta horren ondorioa da bi hiztunak maila berean jartzen direla, baten hizkuntzak ez duela bestea zapatzen. Baita euskara gehiago entzunen dela.

Baina hizkuntza ulertzen duten pertsonekin euskaraz hitz egiteak badu beste ondorio bat: pertsona horiek pixkanaka gero eta gehiago entzunen dute euskara, beraz, errazago izanen zaie hizkuntza ezagutzea. Horrek, Belarriprest izatetik Ahobizi izatera pasatzeko saltoa erraztuko die bati baino gehiagori.

Zergatik 11 egun?
Galdera horri beste galdera batekin erantzunen dizugu irakurle: astegunetan eta asteburuetan gauza berak egiten dituzu? Erantzuna ezezkoa da. Horregatik, Euskaraldiak bi asteburu eta astegunak hartu ditu. Gainera, ariketa ez zen luzatu nahi, jendeari nekagarria ez suertatzeko. Hizkuntza  ohituretan eragiteko nolabaiteko probaldia dira 11 egun horiek. Gero atseden hartu eta nor bere kabuz aurrera segitzeko.  

Hau guztia aurretik esperimentatuta dago. Lutxo Egia  hilabete batez euskaraz bizi izan zen Bilbon 2016an. Lasarte-Orian 40 egunez aritu ziren. Pasa den urtean Agurainen, Arrigorriagan eta Baiona, Angelu eta Miarritze eskualdean ere esperientziak izan ziren.

Ondorioak
Euskaraldia behar bezala prestatzeko herriek eman behar izan dute lehenik izena. Irurtzunen edo Olatzagutian euskara taldeak  daude eta errazagoa izan da pauso hori. Euskalgintzako talderik ez dagoen edo ahul dagoen herrietan gehiago kostatu da jendea elkartzea, urratsa ematea eta egituratzea. Horretarako, ere balio izan du Euskaraldiak,  euskaltzaleak aktibatzeko. Gainera, zenbait herrietan aurpegi berriak ikusi dira.

Ariketan izena eman duten pertsonek dagoeneko Soziolonguistika Klusterraren (SK) galdetegia erantzun dute. Euskaraldia despeditu berritan beste bat erantzun beharko dute eta ariketa bukatu eta hiru hilabetera azkena. Ikerketa zabala eginen du SKk eta, horrekin, ariketak euskararen erabileran zein aldaketa lortu diren edo zein eboluzio izan den jakiteko aukera izanen da.

Halako ariketa baten neurketa egin zuten Lasarte-Orian eta jendeak aitortu zuen euskara gehiago erabiltzen zuela, % 61etik %81erako saltoa eman zuen. Sakanan 2.189 pertsona horien jarrerak esanen du.

Euskaraldiko parte-hartzaileak
Herria Ahobizi Belarriprest Guztira
Irurtzun+Arakil 128 80 208
Irañeta 18 3 21
Uharte Arakil* 82 21 103
Arruazu 38 11 49
Lakuntza 203 60 263
Arbizu 210 23 233
Lizarraga 43 5 48
Etxarri Aranatz 293 33 326
Bakaiku 51 11 62
Iturmendi 19 2 21
Urdiain 90 12 102
Altsasu 426 152 578
Olatzagutia 106 37 143
Ziordia 23 9 32
Guztira 1.730 459 2.189
  79,03 20,97  
       
Eremua Biztanleria Euskaraldian Ehunekoa
Euskal Herria 3.142.982 196.000 6,24
Nafarroa 643.234 20.500 3,19
Sakana 20.185 2.189 10,84

 

Euskaraldiko egitarauak herriz herri
Arruazu
Azaroak 25, igandea
18:00etan Amama filma, elkartean.

Abenduak 1, larunbata
16:30ean Jolasak eta txokolate-jana, elkartean.

Lakuntza
Azaroak 23, ostirala
18:00etatik 19:00etara Izena emateko aukera eta txapa banaketa, plazan.
19:00etan Euskaraldiaren suziria, udaletxeko balkoitik. Ahobiziren eta Belarripresten pregoia. Hamaikakoak. Pintxo-potea plazan. Lakuntzako musikariekin poteoa.

Azaroak 25, igandea
10:00etan Ezagutu basoko zuhaitz eta landareak irteera. Adin guztiendako. Plazatik.

Azaroak 28, asteazkena
18:00etan Lakuntzakide. Guuten eiñen du? Gure Nahia elkartean.

Abenduak 1, larunbata
21:30ean Oskar Estanga eta Maialen Arzallus, bertso-afari musikatua, Lakuntzako Pertza elkartean. Txartelak 28ra arte eskuratu daitezke.

Abenduak 3, astelehena
18:30ean Hasiera baten bukaera edo bukaera baten hasiera? Ekitaldia, kultur etxean.

Arbizu
Azaroak 23, ostirala
19:00etan Txapa banaketa, plazan.
19:30ean Hasiera ekitaldia plazan: txupinazoa, xanpaina, herri-argazkia… plazan.

Lizarraga
Azaroak 23, ostirala
19:30ean Bautista Lasak euskararen alde sortutako abestia berreskuratu eta tripoteoan kantatuko dute, frontoian.

Etxarri Aranatz
Azaroak 23, ostirala
19:00etan Izen ematea, txapa banaketa eta auzatea, plazan.

Bakaiku
Azaroak 23, ostirala
19:00etan Euskaraldiaren hasiera ekitaldi festa: txapa banaketa, pintxoak, musika eta beste, elkartean.

Urdiain
Azaroak 23, ostirala
19:30ean Txapa banaketa eta pintxo-potea, gaztetxean.

Olatzagutia
Azaroak 23, ostirala
18:00etan Euskaraldia hasiera plazan. Txapa banaketa. Txapak elkarrekin jarri eta talde argazkia eginen dute. Euskaraldiaren kantarekin dantza eginen dute.

Azaroak 24, larunbata
11:00etan Haurrendako jolasak, gaztetxean.
13:00etan Poteoa herrian zehar.
14:30ean Bazkaria, gaztetxean, ondoren Euskaraokea.
18:00etan Pankarta eta mural margotzea.
20:00etan Euskal poteoa eta gauean parranda.

Abenduak 2, domeka
19:00etan Antzerkia: Zoaz pake santuan. Kultur etxean.

Abenduak 3, astelehena. Euskararen eguna
19:00etan Euskal abestien kontzertu txikia, txistor-jan goxoaz lagunduta, plazan (eguraldi txarrarekin, frontoian). Ondoren, kantu-poteoa.