Plazaolako turismo partzuergoko Natalia Azkonak, Aralarko santutegiko kapilau-ministro Mikel Garziandiak, Sakanako Garapen Agentziako buru David Orozek eta Aralar Elkarteko lehendakari Patxi Xabier Razkinek hitzarmena sinatu zuten Lakuntzan atzo. Haren bidez Aralar mendian "eginen den edozein jarduera modu ordenatuan eta seguruan egin behar" dela adostu dute; beti ere, "bertako balioak babestuz, kontserbazioa eta estimazioa bermatuz".
Lau erakundeek helburu komunak dituztenez, atzo sinatutako akordioaren bidez 2016an hasitako lankidetza ofizialdu dute. Hitzarmenean jasotzen denez, helburu nagusia "sinatu duten erakudeen arteko lankidetza iraunkorrerako marko bat egitea da, hortik erabilera publikoa sustatzen dituzten jarduerak eta politikak bultzatzeko asmoarekin".
Aralarko kontserbazio bereziko natura, kultura eta historia balioak sustatu eta babestu nahi dute akordio horrekin lau sinatzaileek. Hori kontuan izanik, gizarte eta ingurumen arloan jasangarria den turismoa, sentsibilizazioa eta ingurumen heziketa sustatuko dute. Lau erakundeetako ordezkariek argi dute hitzarmenaren bidez sustatuko direnak Aralarko Kudeaketa Planean eta onartuko den Erabilera Publikoko Planean zehaztutako helburuekin bat egin beharko dutela. Hitzarmenak jarraipen bokazioa duenez, sinatzaileek aldizka jarraipena eginen diote, erakunde bakoitzeko bi kidez osatutako jarraipen batzordearen bidez.
Aipatu elkarlana natura, turismo eta kirol arloetan 2016an egindako sustapen eta hedapen ekintzekin hasi zen. Izan ere, Europako Natura 2000 sareko zati den Aralar mendiko 14.000 hektareak baino gehiagok milaka bisitari erakartzen ditu urtero. Natur balioek, aldi berean, tokiko garapena sustatzeko aukera ematen dute.