Urteko azken asteetan eguberri saskiak oparitzea ohikoa da hainbat enpresatan. Aurten ere Sakanako ekoizle txikien produktuez eta nekazaritza ekologikoko bestelako produktuekin saskiak egin eta banatuko dira. Ibarreko ekoizleak sustatu eta ezagutarazteko proiektu horretan Sakanako Garapen Agentzia eta Belardi ekoizleen elkartea ari dira elkarlanean. Eta aurten egitasmora Sakana Lanbide Heziketa institutua elkartu da, zehazki, Oinarrizko Lanbide Heziketako Merkataritza zerbitzuko 20 ikasleak eta Izarne Quijano eta Ainhoa Manterola irakasleak.
Azken bi horiek, SGAko elikadura arduradun Nerea Vianka eta Belardi elkarteko Aritz Ganboak elkarlan hitzarmena sinatu zuten herenegun. Horren bidez, ikasleak saskien diseinuan, prestakuntzan, ekoizleekin harremanetan eta eskaeren banaketan parte hartuko dute. Praktika hori teoriarekin ere uztartuko dute. Izan ere, 1. eta 2. mailako ikasleek eskaeren prestaketa ikasgaiarekin uztartuko dute egitekoa. Eta 2. mailako ikasleek, gainera, biltegiratze operazio bereziak, bezeroari arreta eta merchandising ikasgaietan ere landuko dute proiektu hori.
Proiektuaren sustatzaileek adierazi dutenez, saio teoriko-praktiko horren bidez “ikasleen ikasketa eta garapen prozesua nekazaritza-ekologiaren eta gizarte ekonomiaren balioekin uztartuko da, ekoizleekin eta nekazaritza sektorearekin harremana sustatuz, baita haren garrantziari balioa emateko ere”. Vianak azaldu digunez, “saski horiek ibarreko udalei eta Sakanako Mankomunitateari eskainiko zaizkie. Hurrengo urteetan enpresei ere zabaltzeko asmoa dugu”.