Finantza arloak eragindako krisiaren atzaparkadak arrasto sakona utzi zuen ibarrean eta, hortik, 2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) sortu zen. Ibarreko eragileak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan hasieratik izan ziren baina aldaketa izan arte, 2016ra arte, ez zen planerako finantziaziorik lortu. Ordutik bi urte pasa dira eta beste bi gelditzen dira SPE bukatzeko.
Otsailera bitarteko prozesua
Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsok aipatu digunez, "azken urte hauetan egindako lanaren eta lortutako emaitzen balorazio globala egiteko garaia iritsi da”. Horretarako, Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak (SSB) bilerara deitu ditu ibarreko eragileak asteazkenean, 17:00etan, Mank-en Lakuntzako egoitzan.
Bileran 2014-2018 zikloari buruzko SPEren gauzatze-memoria aurkeztuko da, asteazkenean hasiko den prozesu osorako oinarria izango dena. Ondoren, herritarren parte-hartzea sustatzeko hiru jardunaldi eginen dira Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun eta parte hartzeko atari bat jarriko da Sakanako Garapen Agentziaren web orrian. Erronkei, beharrei eta proposamenei buruzko ekarpenak egin ahal izanen dira.
Prozesuak aurrera jarraituko du; Sakanako hainbat erakunderekin bilerak egingo dira, alderdi politikoetatik hasita, SPEren garapenean inplikatutako elkarteetara, haien proposamenak jasotzeko, eta Foru Parlamentuak SPE babestu zuenez, legebiltzar-erronda ere eginen da. Bertan, Sakanako Garapen Agentziako lantaldeak egindako azterketak eta gomendioak kontrastatzeaz aparte, talde parlamentarioen ekarpenak jasoko dira.
lbeltzaren akaberan, prozesuan bildutako ekarpenekin azken dokumentua osatuko da eta SSBn aurkeztuko da, onartu dezan. Azkenik, onartutako dokumentua Nafarroako Gobernuari aurkeztuko zaio eta Sakanako Garapen Agentziak gomendio horiek ezartzeko laguntza eta jarraipen lanak hasiko ditu. Orozek ibarreko eragileak bileran parte hartzera gonbidatu ditu.
Behatokia
SSB udaletako eta mankomunitateetako erakundeetako ordezkariek, alderdi politikoek, sindikatuek, enpresetako ordezkariek, hezkuntzako eragileek, gizarte zerbitzuek, Nafar Lansarek eta sozio-ekonomia elkarteek osatzen dute.
Behatokiaren egitekoa da Sakanako sozio-ekonomia garapenaren inguruko hausnarketak egitea, SPEren ebaluazioa egitea, ekintza lerroen moldaketa edo berrien proposamena egitea eta erakundeei txostenak eta proposamenak egitea. Urtean, gutxienez, behin biltzen da, aurreko urteko ekintzak baloratu eta urteari dagokion lan proposamena onartzeko.