Sakanako energia-kudeaketarako adimendun tresnaren aurkezpena

Guaixe 2018ko aza. 26a, 11:41

Sakanako Udalen energia diagnoisaren aurkezpeneko une bat. Artxiboa

Bihar, 11:00etan, Lakuntzako kultur etxean eginen da. 225 elektrizitate kontratu eta 33 gas-kontratu automatizatuko dira.

Ibarreko 15 udalen kontsumo termiko eta elektriko guztiak momentuan zein diren kontrolatuko dira, eta horiek automatikoki eta eraginkorrago kudeatzeko aukera izanen dute udalek. Izan ere, Hispavista Labs enpresak garatutako e-Mehir plataforma ezarriko da. Plataforma bateratu horren bidez, udal zerbitzu nagusien kontrol automatikoa izanen dute denbora errealean. Ondorioz, udalek fakturak murrizteko aukera izanen dute.

Sakanako Garapen Agentziak ibarreko energia-kudeaketarako adimendun tresna hori aurkeztuko du bihar. Sakanako Energia Plangintzaren oinarri izanen den tresnaren erabilpena azalduko du, kasu konkretuen adibideak erabiliz. Jardunaldiak doakoak dira, baina aurretik izena ematea komeni da airiberri@sakanagaratzen.com edo 674 143 990 bidez.

Nafarroako Gobernuak 2030erako Nafarroako Energia Planaren barnean antolatu duen II. Energia Hedatze eta Sentsibilizazio jardunaldien barruan dago Lakuntzako aurkezpena. Jardunaldien bidez toki erakundeek energia trantsiziorako prozesuan duten eginkizuna aztertuko da, erakunde horiexen esku baitago energiaren erabileren zati handi bat. Horrekin batera, informazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa zabaldu eta gai horretan parte hartzeko gonbita luzatuko zaie herritarrei.