Binakakoa: bi garaipen eta porrot bat

Guaixe 2018ko aza. 26a, 13:09

Binakako final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian Altunak eta Martijak 22 eta 19 irabazi zieten Ezkurdiari eta Galarzari partida oso orekatuan; Irribarriak eta Zabaletak 15 tantotan utzi zituzten Elezkano eta Rezusta

Ostiralean hasi zen Binakako txapelketa, Amezketan. Hain zuzen ere, Altuna amezketarrak eta Martija etxeberriarrak Ezkurdia arbizuarra eta Galarza baraibartarra izan zituzten aurkari. Lau t’erdiko finaleko errebantxa kutsua zuen partidak, eta Altunak finaleko arantza atera nahi izan zuen bere herritarren aurrean. Galarzak zein maila emango ote zuen, hori zen katedraren kezka, eta esan beharra dago ongi aritu zela Baraibarkoa.

Parez pare aritu ziren bi bikoak; oso lehia orekatua izan zen, lehia handiko partida eta oso piloteatua. Markagailuan oreka izan zen nagusi bukaerara arte. Jokoaren ekimena Ezkurdiarena eta Galarzarena izan zen, baina defentsa bikaina egin zuten Altunak eta Martijak. Azkenean, partida estu-estu zegoenean, Altunak erabaki zuen eta 22 eta 19 irabazi zieten Altunak eta Martijak Ezkurdiari eta Galarzari.

Irribarriaren abiadura
Bergarak Elezkano-Rezustaren eta Irribarria-Zabaletaren arteko partida hartu zuen igandean. Rezustaren eta Zabaletaren atzeko borrokak piztu zuen interesik handiena, baina esan beharra dago ez zela horrenbestekoa izan, biek nahikoa akats egin baitzituzten. Hasieran 4 eta 1 aurreratu ziren Elezkano eta Rezusta, Zabaletaren akatsengatik bereziki. Etxarrengoari partidan sartzea kosta egin zitzaion, baina behin jokoan sartuta, ongi aritu zen. Irribarriak sekulako abiadura eman zion pilotari eta arerioei ia ezinezkoa egin zitzaien abiadura horri erantzutea. Lan horretan Zabaletak ere lagundu zuen, eta Rezusta pilota azkar horiek erantzun ezinean ibili zen. 9 eta 13 aurreratu ziren Irribarria eta Zabaleta, baina Etxarrengoaren beste beheraldi baten ondoren hamahiruna berdintzea lortu zuten Elezkanok eta Rezustak. Hori izan zen azkeneko berdinketa, hortik aurrera Irribarriak eta Zabaletak agintea hartu baitzuten: ia zuzenean joan ziren 22ra, 15 eta 22 irabazi baitzuten.

Beste multzoan, Olaizolak eta Albisuk 22 eta 21 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Aretxabaletari eta gaur lehen jardunaldiko azken partida jokatuko da Tolosako Beotibarren: Bengoetxea VI.ak eta Imazek Artola eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari. Hain zuzen ere gaur estreinatuko da Binakakoan Berriozarko atzelaria, Mariezkurrena II.a.