Lagun Artea eta Altsasu: jardunaldi borobila

Guaixe 2018ko aza. 26a, 15:20

Erregional maila. 12. jardunaldia. Lagun Artea 2 – Beti Kozkor 0 / Altsasu 4 – Gazte Berriak 2

Erregional mailako jardunaldia borobila izan da gure bi taldeendako. Liderrak, Lagun Arteak, Lekunberriko Beti Kozkor taldea hartu zuen Lakuntzan. Zelai Berrin jokatutako partida oso lehiatua izan zen eta Beti Kozkorrek ederki estutu zuen Lagun Artea, baina lakuntzarrek partida aurrera ateratzea jakin zuten. Burillok 38. minutuan eta Unaik 85.ean sartutako gol ederrei esker, merezitako garaipena lortu zuten lakuntzarrek eta lider jarraitzen du Lagun Arteak.

Bestalde, Altsasuk Gazte Berriak taldea hartu zuen Dantzalekun. Partidan sartzea kosta egin zitzaien altsasuarrei; Antsoaingo Gazte Berriak sartu zuen lehen gola eta nahiz eta Imanol Lobok berehala berdindu, atsedenaldira 1 eta 2-ko aldearekin joan ziren Gazte Berriak taldekoak. Bigarren zatian Altsasuk partidari buelta eman zion, hobeto jokatu zuen eta Gorkak, Paulettek eta Christianek sartutako golei esker, 4 eta 2 gailendu ziren altsasuarrak.

Lagun Artea da erregional mailako liderra (29 puntu); 2 puntu ateratzen dizkio Lagunak B taldeari. Altsasu laugarrena da (21 puntu). Hurrengo jardunaldian sailkapenean bederatzigarrena den Gazte Berriak izango du aurkari Lagun Arteak Antsoainen eta sailkapenean hamargarrena den Iruña B taldearen kontra ariko da Altsasu.