Abiadura Handiko Treneko (AHT) Euskal Y-aren lizitazioan eta adjudikazioan izandako atzerapenek bere eraikuntzan zein ondorio izan ditzakete? Galdera hori egin zion EAJko diputatu Iñigo Barandiaran Benitok Espainiako Kongresuko Sustapen Batzordean Jose Javier Izquierdo Roncero ministroari pasa den ostegunean. Izquierdok jakinarazi zuen Euskal Y-a 2023rako martxan izanen dela.
Iruñea eta Gasteiz arteko AHT bidezko loturaz ere hizketatu zen Izquierdo. Esan zuenez, “edozein aukerak inguruko herritarren ageriko aurkakotasuna izanen du”. Jakinarazi zuenez, “izugarria” izan da lanen informazio txostenak jaso dituen alegazio kopurua, 7.000, “Espainiako Gobernuaren informazio txostenen historian alegazio gehien jaso duena”. Ministroak esan zuenez, “ageriko aurkakotasuna” dela eta, “komenigarria” litzatekeela “azken erabakia Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean adostea.
Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko bi ibilbide aurreikusiak daude eta gobernuko azpiegitura idazkariak Gasteizko aukeraren alde egin zuen, argi eta garbi ez bazen ere. Erabakia hartzerakoan lanen kostua, ingurumen eragina eta biderik azkarrenaren arteko oreka bilatu behar dela esan zuen. Ez zituen hirurak maila berean jarri.