Euskararen nazioarteko eguna dela eta, antzerkira

Guaixe 2018ko aza. 30a, 09:30

Nafarroako Gobernuak familiendako Antzerki Zikloa antolatu du abenduaren 3aren harira. Zikloan Zirika Zirkus irintarrak parte hartuko du, eta Uharte Arakilen magia ikuskizuna izanen da bihar, 17:00etan

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna da eta Nafarroako Gobernuaren Euskarabideak antzerki ziklo batekin ospatuko du. Nafarroako hamar herritan hiru antzezlan euskaraz izanen dira azaroaren 30ertik abenduaren 15era arte.

Gaur, azaroak 30, hasiko da Antzerki Zikloa Vianan Zirika Zirkus konpainia irintarraren "Egun on, sikera" ikuskizun berriarekin. 18:30ean izanen da emanaldia Ruinas de San Pedron. Koreografiak, jolasak, asmakizunak, zirkoa eta abestiak biltzen dituen ikuskizuna prestatu du Zirika Zirkus-ek. Ikuskizuna komunikazioa-eragozpen batekin hasten da. 4 urtetik gorako haurrendako gomendatuta dago.

Uharte Arakilen, bihar, abenduaren 1ean, Sergio de Andres Magikus magoak Uharte emanaldia eginen du. Ikuskizuna Alhondiga gelan izanen da, 17:00etan. Magia ikuskizun baino gehiago eskaintzen du de Andresek: ipuin dibertigarriak, hauts magikoak, txisteak eta magia nahasten dira magoaren emanaldian, mundu dibertigarria sortuz.

Antzerki zikloak abenduaren 15era arte iraungo du eta Uharte Arakilen egon ondoren Lekunberrin, Agoitzen, Tuteran, Iruritan, Burlatan, Jaunaratsen, Otsagabian eta Imarkoain egonen da. Zirika Zirkus konpainiaren eta Sergio de Andres magoaren ikuskizunak ez ezik, Yarleku Antzerki konpainiak ere parte hartuko du zikloan. Ikuskizunetarako sarrerak doakoak dira.