Hauek dira 2017-2018ko Sakanako kirolaririk onenak

Guaixe 2018ko aza. 30a, 12:04

Sakanako Mankomunitateak 2017ko eta 2018ko kirolari onenak zeintzuk diren erabaki du. Ekhi Congil, Izar Parot eta Olaia Eizagirre, Unai Villalobos, Olga Garciandia, Jose Luis Beraza, Ginesa Lopez, Aralar eta Burunda txirrindularitza taldeak eta Yoseikan budo taldea dira izendapena jaso dutenak eta Imanol Irurtzun arbitroarendako eta Xaniturri emakume taldearendako ohorezko aipamena izanen da

Bi urtetik behin Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak eskualdeko kirolari eta taldeak saritzen ditu. Horrela, aurten 2017 eta 2018ko Sakanako kirolari onenak aukeratu eta sarituko ditu. Aukeraketa prozesua egiteko Sakanako klubei eta sakandar guztiei proposamenak bidaltzeko deia egin zuen Mankomunitateak, eta astelehenean epaimahaiak aukeraketa egin zuen.

Sari banaketa abenduaren 14an eginen da, 19:30ean, Ihabarko herriko etxean. Sari ematea eta gero auzate ederrarekin borobilduko da ospakizuna

Sakanako kirolaririk hoberenak
-Unai Villalobos Hernaz (18 urte baino gutxiagoko gizona)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea.
Merituak: Lagunak taldeko irristalaria eta Burunda klubeko txirrindularia da altsasuarra. Irristalari bikaina, 2017ko Nafarroako Irristaketa Zirkuituko abiadura txapelketan, tartean urrezko domina bat eta brontzezko bi domina lortu zituen, eta hiru domina 2017ko Espainiako Irristaketa Txapelketan. Aurten, 2018ko Espainiako Irristaketa txapelketan, Oviedon, bi domina lortu zituen eta, horretaz gain, aurtengo Iruñea-Gares irristaketa maratoian 24.a sailkatu zen sailkapen orokorrean eta junior mailako txapelduna izan zen. Txirrindularitzan Burundako junior mailako talde gizon bikaina da.

-Olga Garciandia Ijurko (18 urte baino gutxiagoko emakumea)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: 17 urte, Etxarri Aranatz. Uharte Ipar Eski Taldeko ipar-eski eskiatzailea, rollerskilaria eta biatloilaria (eskia eta tiroa) da. Ipar-eskian, Jakako teknifikazio taldeko eskiatzailea da, maila handikoa, eta Ipar-Eskiko Espainiako Kopan lehiatzen da. 2017an ipar-eskia eta tiroa uztartzen dituen Biatloiko mundialean parte hartu zuen, IBU Junior Cup-ean.

-Ekhi Congil Mendiola (18 -35 urte bitarteko gizona)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: Monoziklista, Etxarri Aranatz. 2017Ko EC Unicycling edo Europako Monoziklo Txapelketan zilarrezko hiru domina eta brontzezko domina bat lortu zituen maila absolutuan eta bere mailan urrezko hiru domina. Eta 2018ko Unicon 19 Hego Koreako Mundialean 8 domina ekarri zituen guztira, bi maila absolutuan eta gainontzekoak bere mailan. Munduko txapeldunordea da errepideko 10 km-ko proban, bere mailan lehena.

-Izar Parot eta Olaia Eizagirre (18 -35 urte bitarteko emakumea)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: Etxarri Aranazko Gure Pilota taldeko palistak dira biak. Hainbat txapelketa irabazi dituzte. Tartean, 2017an Euskal Ligako 2. mailako Open mailako finaleko txapeldunak izan ziren.

-Jose Luis Beraza (35 urte baino gehiagoko gizona)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: Uharte Arakilgo mendi korrikalari beteranoa. Hainbat lasterketa irabazi ditu. Tartean, 2017an Euskal Herriko Mendi erronkako lehen beteranoa izan zen eta Nafarroako Ultra Txapelketako txapelduna.
Aurten, 2018an, Tenako Traileko 2K probako lehen beteranoa izan zen, Comapedrosako lehen masterra, Elimina Traileko lehen beteranoa, Zazpimendi Traileko txapelduna, Berako maratoi erdiko lehen beteranoa, Agoizko lehen beteranoa eta Hiru Haundietako lehen beteranoa. Euskal Herriko Bertikalen Txapelketan hirugarren beteranoa izan da eta Nafarroako Bertikalen beteranoen txapeldunordea, besteak beste.  

-Ginesa Lopez Cid (35 urte baino gehiagoko emakumea)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: Altsasuarra, korrikalaria. 2016An Sakanako Atletismo Kopa irabazi zuen eta 2017an Sakanako Atletismo Kopako txapeldunordea izan zen. Atletismoa eta mendi lasterketak sustatzeko lana egiten du Sakanako Dantzaleku Atletismo taldean, eta emakumeen atletismo eskolako kidea da.

-Aralar eta Burunda txirrindulari taldeak (Sakanako kirol talderik hoberena)
Proposatua: Aralar txirrindulari taldea
Merituak: Aralar eta Burunda txirrindulari talde sakandarrak Sakanan txirrindularitza zabaltzen eta sustatzen lan handia egiten dute. 100 umetik gora daude Sakanan txirrindularitzan trebatzen aipatu bi taldetan, kopuru paregabea Euskal Herri mailan eta estatu mailan ere. Aurten eskoletako mailan bikain ibili dira eta zer esanik ez kadeteen eta jubenilen mailan, inguruko proba gehienetan podiumera igo dira Aralar eta Burunda taldekoak. Kadeteetan Igor Arrieta, Iker Mintegi, Aitor Alberdi, Hugo eta Unai Aznar eta jubeniletan Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa aipatu ditzakegu.

-Yoseikan budo taldea (Euskara gehien bulkatu duen kirol taldea)
Proposatua: Sakanako Mankomunitatea
Merituak: Txuixoo yoseikan budo elkarteak eta Amets Arte Martzialen Euskal Taldeen Sareko Sakanako yoseikan budo taldeak Altsasun eta Etxarri Aranatzen eskaintzen dituen klase guztiak euskaraz ematen dira. Udan yoseikanpaldia egiten dute Euskal Herriko beste hainbat taldeetako kideekin, tartean Iparraldekoak, eta euskara da guztiak lotzen dituen hizkuntza.

-Imanol Irurtzun Artola (Aipamen berezia)
Proposatua: Arakilgo Udala
Merituak: Ihabarko futbol arbitroa. Txikitatik kirolari amorratua, maila txikienetatik hasita egin ditu arbitro lanak: Sakanako Futbol Topaketetan arbitroa izan da,  jubenilen mailan, erregionalean, preferente mailan eta 3. mailan. Madrilgo Talentuen Programan 3. mailako azterketak 330 arbitro hautagaien artean nota onenarekin gainditu eta gero, 2.B mailako arbitro izatea lortu du.

-Xaniturri emakume taldea (Aipamen berezia)
Proposatua: Arakilgo Udala
Merituak: 2004an sortu zen taldea Arakilgo bailarako emakumeak elkartu ondoren. Helburu nagusia ongizate emozionala, fisikoa eta soziala lortzea da. Horretarako hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak antolatu dituzte urte hauetan, tartean Ihabarren egiten den Yoga ikastaroa. Erreferente polita da emakumeen saretze mailan.