Barricarte lasterketarako atzera-kontua, abian

Guaixe 2018ko abe. 4a, 10:35

Altsasuko Zubeztia elkarteak abenduaren 8an antolatutako lasterketak Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak saria erabakiko du

Urtero moduan, Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatutako 38. Oinezko lasterketa edo 35. Alberto Barricarte memoriala abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean, hurrengo larunbatean, hain zuzen ere. Lasterketari 11:30ean emango zaio hasiera eta Altsasuko herri gunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eman beharko zaizkio, guztira 10,6 km osatuz. 



Lasterketa Zubeztia elkarteak antolatzen du, Altsasuko Udalaren laguntzarekin. Festa eguna denez, eta abenduan jokatzen denez, San Silvestreari begira puntuan jartzeko proba aproposa da Altsasukoa, oso proba herrikoia da. Aurreko urtean euria eta hotza, ez zen giro, baina hala ere, 156 korrikalarik hartu zuten irteera eta Antonio Etxeberria (33:15) eta Veronica Dominguez (40:00) izan ziren azkarrenak. Sakandarren artean Beñat Katarain (35:21) eta txapeldunaren denbora berean sartu zen Izaskun Beunza (40:00) izan ziren onenak.

Ibilbidea (10,6 km)

Zubeztia elkartekoek herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 10,6 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba.

Izena ematea dohainik eta zabalik
Barricarte memorialean aritzeko aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke izena ematea. Bestela egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean. 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.

Sakanako atletismo kopako azken proba

Lasterketa honekin 2018ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Orain arte puntuatu duten lau lasterketak kontuan hartuta, emakumezkoetan Erkuden San Martin da lehena, Izaskun Beunzaren eta Maite Zabaletaren aurretik. Gizonezkoetan, aldiz, Juan Carlos Gomez dago lehen postuan, Ivan Gonzalezen eta Sergio Garcia de Eulateren aurretik. Barricarte lasterketaren ondoren jakingo da nortzuk diren Kopako irabazleak.