Mank-ek 113.340 kilo konpost banatu ditu

Guaixe 2018ko abe. 2a, 12:54

Arbizu hondakindegiko konpost metetatik hartzen.

Azaroa bitarte 757 etxeetatik joan dira Arbizuko hondakindegira konpost bila. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketak Sakanako konpostaren kalitatea berretsi du.

Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen hondakindegitik pasatzen denak konposta etxera eramateko aukera du. Astegunetan 08:00etatik 15:00etara joan behar da horretarako, bulegotik pasa eta jakinarazpena egin ondoren 250 kilo arte eramateko aukera dago. Baratzeko lurrarekin nahastu eta haren kalitatea hobetzeko edo ongarri bezala erabil daiteke konposta. Aurten dagoeneko 757 etxeek erabili dute aukera hori eta Mank-ek, guztira, 113.340 kilo konpost banatu ditu azaroa bitartean.

Mank-ek sortzen duen konpostari kalitate kontrolak pasarazten dizkio urtero, eta hala, haren kalitate ona ziurtatzen dute. Horiei aurten Nafarroa Unibertsitate Publikoak (NUP) egindako azterketa gehitu zaie. Eta emaitza berretsi egin du Ignacio Irigoien Iriarte agronomia, bioteknologia eta elikadura arloko landare-ekoizpeneko irakasle-ikertzaileak. Zehazki, Mank-en konpostaren kalitate eta ezaugarriak aztertu eta baloratu ditu.

NUPeko ikerkuntza negutegietan egin zituzten entseguak letxuga eta brokoliekin. Emaitza: “frogatu dugu bi labore horietan gero eta konpost gehiago gehituta, landareak orduan eta hobe hazten direla. Loreontziak bakar-bakarrik konpostez beteta zirenean emaitzarik hoberenak lortu dira”. Irigoienek zehaztu duenez, “egindako ikerketaren emaitzen arabera, dudarik gabe esan dezakegu Sakanako konposta guztiz ona dela eta arazorik gabe erabili daitekeela nekazaritzan. Horregatik, erabiltzera animatu nahi zaituztegu. Hala ere, hazitegietan lurrarekin nahastea gomendatzen dugu, ongarri hau gogorregia baita jaioberriak diren landaretxoendako”.

Sakana eredu
Irigoienek gogorarazi du lurreko baliabideak mugatuak direla eta, horregatik, Europako Batasunak zirkulu-ekonomia bulkatzeko zuzentaraua onartu duela. “Alde batetik gailuak eta haien osagaiak inorganikoen bizitza luzatu behar da, erabilera konpartitua eginez, apurtzen direnean berrerabiltzeko konponduz eta, azkenik, konponezina direnean bere materialak birziklatzeko bereiziz. Gai organikoari dagokionez, behin elikagai eta beste gai organikoak kontsumitu ondoren, lurrera bueltatu behar dugu ongarri bezala ahalik eta modu txukunenean”.

NUPeko irakaslearen iritziz, “Mank Nafarroan aitzindaria izan da zirkulu-ekonomiaren garapenean. Azken urte hauetan egin duen lan itzelari esker gaur egun, hondakinen kudeaketari dagokionez Nafarroako emaitzarik onenak lortzen ditu. Sakanan sortzen diren etxeko hondakinen % 54 berreskuratzen dira gainontzeko % 46a zabortegian bukatzen du”. Ibarrak gaur egun Europak  2025erako  eskatzen duen materialen berreskurapen maila lortu duela gaineratu du Irigoienek. “Arrakasta horren gako nagusia Sakanako sukalde eta lorategi gehienetan egiten den elikagaien eta landare hondakinen bereizketa da. Bio-hondakina, bereiz kudeatzen denean, ongarrian erraz bilakatzen da konposta izeneko prozesuaren bidez”. Gaur egun Sakanan konposta egiteko hiru modu daude: etxean egiten dena, auzo-konpostagailuen bidez egiten dena edo Altsasuko 5. edukiontzitik jasotakoarekin hondakindegian egiten dena.

Konpost banaketa herrika
Herria Herritarrak Kiloak
    Ilbeltza-Maiatza Maiatza-Azaroa Guztira
Irurtzun 107 8.590 7.500 16.090
Arakil 60 3.570 5.400 8.970
Irañeta 24 1.350 2.250 3.600
Uharte Arakil 42 2.810 3.400 6.210
Arruazu 4 420 150 570
Lakuntza 49 3.230 4.050 7.280
Arbizu 90 6.700 6.850 13.550
Ergoiena 3 150 250 400
Etxarri Aranatz 139 10.160 10.750 20.910
Bakaiku 18 1.200 1.500 2.700
Iturmendi 5 450 300 750
Urdiain 43 2.100 4.400 6.500
Altsasu 75 4.810 6.370 11.180
Olatzagutia 96 6.980 7.350 14.330
Ziordia 2 300 0 300
GUZTIRA 757 52.820 60.520 113.340