366 sakandarrek dute biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa

Guaixe 2018ko abe. 6a, 19:20

Etxarri Aranazko osasun etxea.

Osasunbideak diagnosiaren eta esku-hartze goiztiarraren garrantzia nabarmendu ditu. Azaldu duenez, gaitza Gaixo Kroniko eta Patologia anitzekoen programan sartzean gaixo horien osasun-arreta hobetu da.

Azaroaren 21ean, pasa den asteazken, izan zen biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren mundu eguna. Osasunbideak jakinarazi zuenez, 11.000 nafarrek dute gaixotasun hori. Haien % 3,32 sakandarrak dira. Hau da, 366 sakandar dira biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa dutenak. Irurtzungo osasun eskualdean 118 daude (ibarrekoen % 32,24), Etxarri Aranazkoan 59 (% 16,12) eta Altsasukoan 189 (% 51,63).

Gaitz horren diagnosia osasun etxeetan egiten da espirometriaren bidez. Arriskuzko faktoreak dituzten pertsona helduek pasatzen dute proba hori, besteak beste, eztul kronikoa duten erretzaileak.   Pertsona horiendako terapia neurri eraginkorrena erretzeari uztea da. Horretarako haiekin, bakarka edo taldeka lan egiten da. Gaitzaren garapen arin edo moderatua duten pertsonak osasun etxeetan artatzen dituzte. Konplexutasun handiagoko kasuei, 4.500 bat, gaitza Gaixo Kroniko eta Patologia anitzekoen programaren bidez egiten diete jarraipena.

Datuak
Gaitza hori dutenen bataz besteko adina 70 urtekoa da. Diagnostikoen % 70 gizonezkoenak dira eta gainontzeko % 30 emakumezkoenak. Gaixoen % 25ek patologia anitz dituzte. 45 urtetik gorakoen artean gaitza % 4an agertzen da, baina Osasunbidean uste dute diagnosi egokia egitea falta dela eta % 10aren bueltan egon litekeela prebalentzia.