Ibarreko zerbitzuen eta establezimenduen gida, aurki etxean

Guaixe 2018ko abe. 4a, 12:03
Aurtengo Gidaren ale bat

Hurrengo egunotan Sakanako Gida 8.500 etxebizitzetan banatzen hasiko dira, etxez-etxe. Paperezko bertsioak eta Internetekoak, Sakanan dagoen zerbitzu eta establezimenduen eskaintza zabalaren berri ematen du.

Ordenagailua ez doala. Nori deitu? Etxean matxura izan duzula. Nori hots egin? Dendakoari deitu nahi diozula. Zein da bere telefonoa edo helbidea? Informazio hori guztia Sakanako Gidan topatuko duzu. Egunerokoan bertako informazio baliagarria eta praktikoa ematea, hori da Sakanako Gidaren helburua.

Guaixe fundazioaren argitalpena da Sakanako Gida, ibarreko denden, zerbitzuen, enpresen eta autonomoen informazio osatua eta eguneratua duena. Gida berak Sakanan dugun eskaintza zabalaren eta ugariaren berri ematen du ere. Bertako ekonomiaren oinarri zabala osatzen dute Sakanako Gidan agertzen diren zerbitzu eta establezimenduak. Haiek bizi diren heinean gure herriek bizia izanen dute.

Paperean eta online
Sakanako Gida etxera iritsiko zaigu hurrengo egunetan, etxez-etxeko banaketa aurki hasiko baita. Helburua bi asteko epean sakandar ororen etxeetan egotea da. Baina uneoro eskuragarri dago Interneten. Sakanako gidako paperekoan dauden establezimendu guztiak interneteko gidan, online eskuragarri daude. Bietan bilaketa errazteko, gida sailka eta azpisailka antolatuta dago. Interneten, gainera, establezimendu bakoitzak bere orria du eta han helbidea, telefonoa, e-posta eta haren web orriaren berri dago. Mapa batean haren kokapenaren berri ematen da ere. 



Gida komertziala ez da Guaixe fundazioak Sakanan bizi eta lan leloa gauzatzeko aurrera daraman egitasmo bakarra. Bere hedabideen bidez ibarreko zerbitzu eta establezimenduei Sakanarako eta mundurako erakusleiho bat eskaintzen die. Gainera, 2012az geroztik BeleixeGuaixe txartela indarrean du. Horrek fundazioaren babesle diren 1.500 sakandarrei ibarreko 90 bat establezimenduetan abantailak eskaintzen dizkie. 



Harremanetarako

Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartu nahi dutenek 948 564 275 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus edo publizitatea@guaixe.eus e-posta helbideetara idatz dezakete.