Jatekoen bilketa handia bihar eta etzi

Guaixe 2018ko aza. 29a, 19:50

Bihar eta etzi elikagaien bilketa eginen da.

Jasotakoa, hilero, premia duten 29.000 nafarren artean banatzen da.

Nafarroako Elikagaien Bankuak jakien bilketa handia eginen du bihar eta etzi. Sakanako makina bat herritan, ohiko tokiak, berriro zabalduko dira eta haietan boluntarioek eramaten dizkieten jatekoak bildu eta sailkatuko dituzte. Herri handiagoetan denda batzuetan egoten dira bilketa egiten. Altsasun, esaterako, Eroskiren bi establezimenduetan, BMn eta DIAn egonen dira boluntarioak jaki horiek jasotzen. Beharra dutenendako oinarrizko elikagaiak jaso nahi ditu Nafarroako Elikagaien Bankuak, esaterako: olioa, kakao disolbagarria, gailetak, pasta, lekale kontserbak edota arrain kontserbak. Elikagai bankutik 29.000 nafarrek bizi duten pobreziari eta prekarietateari aurre egiteko  elkartasun keinua egitea eskatu diote jendarteari.

Garagarzaroan beste jatekoen bilketa antolatu zuen Nafarroako Elikagaien Bankuak. Bilketa hura behar bezala egiteko 3.000 boluntario aritu ziren lanean. Asteburuan boluntario lanean aritu nahi duenak www. bancoalimentosnavarra.org web orriaren, 636 693 617 telefono zenbakiaren edo granrecogidaban@gmail.com e-postaren bidez eman dezake izena.