Gripearen birusak genetikoki aldatzeko gaitasuna du, horregatik, urtetik urtera aldaketak izaten dira. Gaixotasunei erresistentzia egiteko pertsonon sistemak aurreko urteetako birusak “oroitzen” ditu eta horrela gure gorputzak erantzun azkarra ematen du. Hala ere, aldian behin birusaren aldaketa handiago bat izaten da eta “oroitzapenak” baliogabetzean, gaixotasunaren eragina handiagoa da. Hala gertatu zen, esaterako, 1918an. Iturri batzuen arabera gripeak munduan 40 eta 50 milioi hildako artean utzi zituen. Batez ere 20 eta 40 urte arteko emakumezkoak eta gizonezkoak hil ziren gripeak jota.
1918ko maiatza aldera gripe “olatu” bat izan zen. Baina Sakanak harrapatu zuena udazkeneko “olatua” izan zen. Irailaren 10ean hainbat egunkaritan Goizuetan gaitzak jota 200 pertsona baino gehiago zeudela jakinarazi zuten. Hortik aurrera “grippe”-aren berri egunero emanen zuten egunkariek. Irailaren 17an Luis Mendez Queipo de Llano gobernu ordezkariak alkateei agindu zien “premiaz” tokiko osasun batzordeak bildu eta euren herrietan gripearen eragina zein zen jakinarazi ziezaiotela. Nafarroako osasun egoerak okerrera egin zuen eta Mendezek “gripea epidemia moduan presente” zegoela adierazi zuen ofizialki. Horrekin batera, Nafarroako Osasun Inspektorearen estarbiak eta etxeak desinfektatzeko eta pertsonen higiene metodoen berri eman zuen prentsak irailaren 21ean.
Jende pilaketen kontra
Nafarroako Aldizkari Ofizialak irailaren 27n jakinarazi zuen gripeak kutsatutako herrietan ezin zela festarik, ikuskizunik edo bilerarik egin. Horrela, jende pilaketak eragotzi eta gaixotasuna errazago zabaltzea saihestu nahi zuten agintariek. Etxarrengo (Marcos Zubiria zen alkatea), Zuhatzuko (Juan Larrea zen alkatea), Etxarri Aranazko (Fernando Etxarri zen alkatea) eta Altsasuko (Gustavo Arizmendi zen alkatea eta Julian Izko idazkaria) festak eta feriak bertan behera gelditzen zirela jakinarazten zuten iragarkiak argitaratu zituzten udalek orduko prentsan. Mendezek, aldi berean, Gobernazio Ministroaren beste jakinarazpen bat egin zuen aldizkari ofizialaren bidez: “feriak eta azokak ere debekatzen dira, herri batzuetakoak besteekin nahastea saihestu eta epidemia zabaldu ez dadin”.
Bi egunetara, Irurtzungo alkate Manuel Beramendik jakinarazi zuen gobernadorearen aginduz 15ero egiten ziren azokak mugagabe bertan behera gelditzen zirela, lastailaren 1ekotik hasita. Azokarik ez izateak ekarri zuen haietan erosketak egiten zituzten pertsonek hornidura arazoak izatea. Gainera, abeltzainek azienda saldu nahian zebiltzan. Abereek jaten zuten laboreen prezioa igo egin zen eta euren etxeetan aparteko gastua bihurtu zen. Hala zioen Irurtzungo Diario de Navarrako berriemaileak lastailaren 11n. Hilabete horretako 28an Irurtzungo komisio bat gobernu ordezkariarekin bildu zen, azokak zabaltzea eskatzeko. Irurtzundarrek gobernadoreari jakinarazi zioten zein kalte zekarren azokarik ez egoteak. Gainera, Irurtzungo batzordearen iritziz osasun egoerak hobera egin zuen. Gobernu ordezkariak, Osasun Inspekzioko txosten batean oinarrituta, ezezkoa eman zien.
Irurtzungo garai bateko txerri azoka.
Azaroaren 1ean Diario de Navarrako berriemaileak zioen 2ko azoka ezetz, baina ziurrenik 16koa bai eginen zela. “Ikusten ez bada ezin da sinetsi zenbat jende etorri zen atzo azokara”. Horrela hasi zuen berriemaileak abenduaren 5eko kronika. “Irurtzundarrek bezala kanpotarrek ere, guztiek azokak berriro egiteko irrikitan zeuden. Horrek erakusten du guztiei komeni zaiela bertan behera ez gelditzea, nahiz eta badiren ezer irabazten ez dela esaten duenik”. Generoari dagokionez, jakinarazi zuen txahal asko egon zirela eta Nafarroatik kanpora zenbait bagoi atera zirela gaineratu zuen, “bizian, kiloa 33 pezetatan pagatu zen”. Txerri ugari eta “ale ederrak” izan ziren eta kiloa 44-46 pezetatan saldu zen. Hori bai, “tratanteak, arrazoiz, kexu ziren. Katerik ez zegoenez, plaza txerriak garraiatzeko gurdiz betetzen da eta ordenarik gabe daudenez azienda ikusteko traba egiten dute. Espero dut hurrengo azokarako konponbidea izanen dela”. Idiak saltzeko tratu gutxi izan zen, “nahiz eta asko izan, gustu guztietakoak. Baina ez da halako aziendaren salmentarako garai ona, negua bertan denez, jendeak gastuari ihes egiten dio”. Aleen prezioek jaitsiera handia izan zutela gaineratu zuen: 22 kilo (erregua) 9 pezetatan, garagarra 7 pezetaren bueltan, babak 10 eta artoa 8. “Gaztainak gutxi eta txarrak zeuden, erregua 8 pezetatan”.
Lastaila hasieran panorama hobetzen ez zela ikusita, egunkarietan medikuek agindutako neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu zuten. Gripeak jotako pertsonek jaten zuten elikagai bakarretakoa esnea zen. Gaixo asko zegoenez, esne eskaerak gora egin zuen eta horrekin prezioak. Gobernazio Ministerioak azaroaren 1ean eta 2an kanpo santuetara bisitan joatea debekatu zuen., Bestetik, Iruñeko eroetxea ere ez zen gripeaz libratu eta han sartuta zeuden 50 pertsona hil ziren. Gainera, klaseak ere bertan behera gelditu ziren. Azaroaren 5eko Diario de Navarran irakur zitekeenez, udalek eskolak zabaltzeko aukera zuten, beti ere, herrietan gaixo berririk eta heriotzarik ez bazegoen. Osasun Batzordeek baimenduta eskolara buelta azaroaren azken aurreko astean izan zen.
Herrietako berri
Gripeak ez zuen desberdintasunik egiten eta medikuak ere gaixotu ziren. Lastailaren 9an Irurtzungo Diario de Navarrako berriemaileak jakinarazi zuen Jose Jaen medikua gaixo zegoela eta hobetzen ari zela. Carmelo Irurita irurtzundarra Bilbon medikua zen eta herrira 15 eguneko oporraldiaz gozatzera joana zen. Baina Irurtzungo medikua gaixo zegoenez, Iruritak bere gain hartu zuen gaixoak artatzea. Berriemaileak ziurtatu zuenez, Irurtzungoak zenbait kasu “onbera” ziren. Egunkari bereko lastailaren 11ko zenbakian jakinarazten zen Jaen medikua sendatuta zegoela eta gaixoak bisitatzen hasia zela berriz. Errepikatzen zuen Irurtzunen eta inguruko herrietan gripe kasu “onberak” zirela.
Irurtzungo garai bateko behi azoka.
Irurtzunen 40 gaixo zeudela jakinarazi zuen berriemaileak lastailaren 18an. Hiriberriko medikua gaixo zegoenez, Irurtzungoak, Jose Jaenek, 17 herriren ardura zuela jakinarazi zuen: “lan izugarria jasaten ari da. Posible da gizon batek egiten ari dena jasatea? Are gehiago, jakinik berriki gaitza pasa duela, meritua askoz ere handiagoa da”. Berriemaileak jakinarazi zuen bezperan Aralarko aingeruaren “irudi mirarigilea” Arakilgo herrietan barna ibili zela, hainbat fededunez lagunduta. Haiek “fede biziz, epidemia izugarriarekin bukatzeko santuaren bitartekaritza eskatzen zuten”. Lastailaren 25eko kronikan jakinarazi zuenez, “gaixo kopuruak behera egiten segitzen du eta 20 dira, onberak denak, epidemia hasi zenetik bezala. Orain arte hildako bakarra izan da”.
Lastailaren 30eko kronikan jakinarazi zuen gaixotasunak behera egiten segitzen zuela, baina Juan Larunbe 17 urteko gaztearen heriotzaren berri eman zuen. Aita, Migel, herriko dendari ezaguna zela gaineratu zuen. Azaroaren 1eko kronikan berriemaileak zioen ez zuela kasu berriren albisterik. Baina “gripeak bete-betean hartu duena, hil ez bada oso gaizki utzi du”. Gaineratu zuenez, uso-pasa handia zegoen eta ehiztariek asko ehizatu zuten, baina usoen prezioak “haien hegaldia bezain altu” zegoela gaineratu zuen. Eta gaztigatu zuen hegaztiek aurreko urteetan baino aurkari gutxiago zituztela.
Berriemaileak azaroaren 4an jakinarazi zuen Doña Fidela Goñi, Joaquin Arangurenen alarguna, hil zela. Obanoskoa sortzez, irakaslea, baina Irurtzunera iritsi eta berehala dendari hasi zen eta herrian oso estimatua omen zen. Hilaren 8an gripea Irurtzunen desagertutzat jo zitekeela azaldu zuen berriemaileak, “kasu berririk ez baita eta gaixo zeudenak aurrera egiten ari dira”. San Martin festak bertan ziren baina berriemaileak zioenez, “ondoko herrietan bezala, hemen ere jendearen artean ez da txantxarako gogorik gelditu eta aurten ez da 11rako festa prestaketarik sumatzen. Ez dira festak ospatuko eta hurrengo batera espero dezagun”. Aldi berean, jakinarazi zuen hezetasun handia eta euria gogoz egiten ari zela eta, ondorioz, ereintza bertan bera gelditu zela.
Azaroaren 27an berriemaileak gripe epidemia bukatutzat eman zitekeela idatzi zuen, gaineratuz, “hari aurre egiten hainbeste lan egin duen Jose Jaen gure medikuari atseden hartzea tokatzen zaio, premia zuen eta”. Herrian gaitza “onbera” izan dela gogorarazi zuen, “hil diren bi kasu salbu. Gaur gaitzak iraun duen bitartean hildakoen aldeko hileta-elizkizunak hasi dira, Doroteo Mugerzaren emazte gaztearenarekin hasiz”. Esolastica Zubieta deitzen zen. Ostegunean Fidela Goñiren aldekoa izanen dela aurreratu zuen. “Hiriburutik zenbait kantari etorriko dira eta, aurrekoak bezala, primerako hileta-elizkizuna izanen da”. Azkenik, Juan Larunbe gaztearena izanen zela gaztigatu zuen.
Gripeak medikuarengan arrastoa utziko zuen, kargua utzi baitzuen. Berria kontratatzeko deialdia abenduaren 6an sinatu zuen Manuel Beramendi alkateak eta Diario de Navarran 16an argitaratu zen. Medikuntzan eta kirurgian doktoreak eta lizentziatuak izatea eskatzen zuten. Urteko 3.250 pezetako soldata zegozkion herrietako familiak artatzeagatik, hiru hileroko pagatuko zutena. Gainera, mediku titularra izateagatik beste 500 pezeta ordainduko zizkioten. Kargua hartzen zuenak Aizkorbe, Urritzola, Errotz, Izurdiaga, Irurtzun, Etxeberri, Gulia, Aginaga eta Ziako mediku izanen zen.
Abenduaren 10ean berriemaileak Patricio Zeliguetaren, Izurdiagako apaizaren alde egin zuen, “gizateriaren onerako sakrifizio handiak egin zituen apaiz eskuzabalak”. Haren lana berandu goraipatzen zuela aitortu zuen, baina hala esamesei aurre egin nahi zien. “Jakin dudanez esker txarreko batzuk zalantzan jarri dute apaizaren sentimendu onak eta karitate garbia. Esaten dute aitzakiak emanez eta gaitzaz kutsatzeko beldurrez deitzen zuten tokietara joatera ukatzen zela. Apaiz batez halako zentzugabekeriak esateko gaiztoa izan behar da. Are gutxiago karitatea gehien ahal duenak bezala praktikatzen duenean eta bere ministerio delikatua arduraz eta inolako akatsez betetzen baitu”.
Lakuntzako egunkari horretako berriemaileak lastailaren 29an jakinarazi zuenez, “zorionez, herri honetan gripearen intentsitatea jaisten ari da eta gaixo berriak eskasak dira. Hala ere, lau heldu eta 5 haur hil dira”. Azaroaren 13an berriemaileak jakinarazi zuen “grippe gorrotagarria herri honetan nabarmen txikitzen ari da. Oraindik 20-30 gaixo daude, baina gutxi dira egon direnekin alderatuta, eta ez dut haiek larri daudenaren berririk. Gaitz horregatik izan diren heriotzei 12 eta 21 urteko bi gizonezko gazteren heriotzak gehitu behar zaizkie. Azken hori kintoa zen. Gainontzeko herritarren artean berririk ez, patxada eta lasaitasuna bueltatzen ari dira”. Berriemaileak jakinarazi zuenez, artoaren uzta zertxobait atzeratua zegoen, “baina benetan atzeratuta dagoena laboreen ereitea da. Guztia denboraleagatik, sorotan lan egiten uzten ez duelako. Erein den pixka baldintza txarretan egin da, gehiegizko hezetasunarekin”.
Lastailaren 10ean Arbizuko eta Etxarri Aranazko egoeraren berri eman zuten Diario de Navarrako berriemaileek. “Gripe madarikatu honek, Jainkoak nahas dezala, gerra-gogoz etorri da hona ere. Egun gutxitan bi biktima izan dira; larriak ugari eta epidemiak jota herriaren % 99 dago”. Deskribapen hori utzi zuen Arbizuko berriemaileak.
Etxarri Aranazko garai bateko azoka.
Rafael Carasatorre Vidaurreren Etxarri Aranatz 1900-1940 liburuan jaso denez, Etxarri Aranazko egoera ikusita Joaquin Agreda medikuak laguntzaile bat ekartzea eskatu zuen irailaren 28an. Lastailaren 1ean Zaragozako eskolatik erantzun zioten ezinezkoa zela. Baiezkoa eman zuen, ordea, Mariano Martin medikua, 1901ean Ergoienako sendagilea izandakoa. Carasatorrek azaldutakoaren arabera, meza-mutil batek iraingarri zen zerbait esan zion eta Martinek pentsatu zuen etxarriarrek pentsatzen zutenaren isla zela. Bederatzi egun egin zituen herrian eta “haserre” alde egin zuen. Bitarte horretan, egunero, 120-150 gaixo bisitatu zituen. Martinek egindako lanagatik udalari 224 pezeta pagatzeko eskatu zion (eguneko lau duro eta Zaragozarako joan-etorria 44 pezeta).
Diario de Navarrako Etxarri Aranazko berriemaileak lastailaren 10ean jakinarazi zuen aurreko bi egunetan euri asko eta hotz handia egiten zuela, “eta, horregatik, gaixoen egoera okertu egin da. Oinaze handien kexu dira eta zazpi hil dira. Denboraleak segituz gero ziurrenik hildako eta gaixo gehiago izanen dira”. Berriemaile etxarriarrak jakinarazi zuenez, zaila zen erizainak opatzea, horregatik udal ordezkari bat Altsasuko kaputxinoen komentura joatekoa zen, fraideren batzuk herrira joan zitezela eskatzeko.
Berriemaile etxarriarrak bere kronikan gaineratu zuenez, “herri honetako etxebizitzen higienea orokorrean eskasa da, eta haietan bizi diren jende kopuruarendako espazio gutxi dago. Horregatik, aldameneko herrietan baino gaixotasun kasu gehiago daude”. Berriemaileak jakinarazi zuenez, Etxarriko lau apezetatik bi gaixo zeuden eta adinekoa zen parrokoak “ikaragarrizko lana” du. Azaroaren 2an aurreko hilabetearen laburpen tristea egin zuen berriemaileak: “grippe ospetsuak 104 bat hildako eragin ditu orain arte. Oraindik zenbait gaixo larri daude. Atzo Aralarko aingerua ekarri zuten, meza nagusia izan zen eta arratsaldez aingeruarekin prozesioa, Jainkoari gaixotasun kaltegarri hau desagertzen joan dadila erregutzeko. Ziurrenik herri hau Nafarroako zigortuenetako bat izan dela”.
Etxarri Aranazko Udalak antolatutako hileta-elizkizunetarako deialdiko kontra-azala eta azala.
Carasatorrek jaso zuenez, azaroaren 2 hartan udalak erabaki bat hartu zuen: “gripeak eragindako heriotza kopuru benetan handia ikusita, eta kontuan izanik herrian tifus zenbait kasu daudela, neurririk hartu ezean herrian heriotza ugari eragin ditzakeen gaitz horren zabalkundea saihesteko asmoz, aho batez erabaki da traila-makinen etxea ospitalea antolatzea; beharrezko lanak egin eta horretarako beharrezkoak direnak erosteko, eraikin horretan gaixoak isolatzeko helburuz”.
Gripeak Etxarrin emandako errepasoa hain latza izan zen udalak hildakoak oroitzeko hileta-elizkizunak antolatu zituela abenduaren 23rako. Haren berri emateko etxe guztietan oroigarri elebiduna banatu zuen, Oroimenez izena zuena. Honakoa irakur zitekeen: “echarri-aranaz`tarrak bere illen oroipenaz egingo dituzten illetiak. Echarri-Aranaz`ko alkate jaun eta Udalgizon argiak, Otermin`dar Ventura Apaiz jaunarekin erabaki dute gaitzaldi izugarrri ontan errian ill diran guzie onetan illeti eder-ederra eguitea. Elizkizuna eginen da bereontako Eliz nagusian, Abenduko 23`an. Goizeko zortzietan izango da erri guziak Jauna artzeko meza. Amarretan meza nagusia, ta aurretik nokturnoa mezakin. Meza ondoan Kantatuko dira Bezperak eta errespontsu ederraz bukatuko da. Arratsaldean berriz beste elizkizun eder bat egingo da lengo egunetan asitako irurrena bukatzeko ta gaitz ikaragarria akitu delakoz Jaunari eskerrak emateko. Jauna agirian dagoala Agurtza esan eta izango da itzaldia ta ondoren Te Deum. Kantu guztia Altasu`ko Aur Serapin`dar Kapuchinoak abestu edo kantatuko dute. Gogorik aundienaz jakitera ematen dizugu gurfe asmoa Udalguizonok eta illen eche bakoitzetakoak ere bai; ta atsegiñik aundiena emango diguzu baldin ba-zatoz gure elizkizun eder auetara. Echarri-aranaz`tik 1918`ko abendu`ko 16an. Udalgizonak”.
Etxarri Aranazko Udalak antolatutako hileta-elizkizunetarako deialdiko euskarazko orriak.
Carasatorrek jasotakoaren arabera, abenduaren 14an udalak 40 errealeko diru-laguntza eman zion Mateo Navarrori. Bera izan zen Lizarrustin hil ziren bost pertsonen gorpuak herrira ekarri zituena.
Lastailaren 12ko Diario de Navarran Altsasuko berriemaileak jakinarazi zuen 120 gaixo zeudela eta kopuruak behera egiten zuela zirudiela. Gripeak bi hildako utzi zituen ordurako. Lastailaren 26ko kronikan jakinarazi zuen mila altsasuar gripeak jota zeudela eta 24ra arte 19 hildako izan zirela. Osasun Batzordeak eta Altsasuko Udalak osasun publikoaren alde egindako lana goraipatu zuen. Gaixoei jatekoa ziurtatzeko Altsasuko Udalak jakiz hornitzen zituen herritarrak: “103 arrautza dozena 20 zentimotan saldu ditu, nahiz eta 25ean erosi. Gaixoei ere esnea ematen die, gastuei eta trabei erreparatu gabe”. Berriemaileak azaldu zuenez, gaixoen artean banatzeko helburuz, Altsasuko Udalak Gipuzkoan egunero 50 litro esne erosten zituen, “Donostiako gobernadore jaunak debekatu arte. Ondorioz, udaleko ordezkaritza Gernikara joan behar izan zuen han kondentsatutako esnea lortzeko eta dauden beharrei aurre egiteko. Litroa 50 zentimotan saltzen da, esne freskoa saltzen zen prezio berean”. Berriemailearen iritziz “epidemia txikitzen” ari zen.
Azaroaren 8an egunkariko berriemaileak jakinarazi zuen gaixo berririk ez zegoela eta “pairatu zuten ia denak osatzen ari dira. Irailaren 21etik gaur egunera arte 1.095 gaixo eta 32 heriotza izan dira, azken horietatik 28 gaitza honegatik”. Hilaren 21ean argitaratu zuenez, Osasun Batzordeak gripe epidemia ofizialki bukatutzat jo zuen. “Gripearen desagertzea, Europako gerraren akaberarekin bat egin duenak, herriak meza nagusi batekin ospatu du, elizkizunean udala eta musika-banda izan ziren. Bukaeran prozesioa izan zen”.
1918ko hildakoak eta aurreko eta ondorengo urteetakoak | |||
Udalerria | Urtea / Hildako kopurua | ||
Arakil* | 32 | 66 | 43 |
Irañeta | 7 | 11 | 7 |
Uharte Arakil | 23 | 22 | 19 |
Arruazu | 3 | 4 | 10 |
Lakuntza | 12 | 28 | 17 |
Arbizu | 20 | 20 | 19 |
Ergoiena | 10 | 43 | 36 |
Etxarri Aranatz | 38 | 123 | 23 |
Bakaiku | 6 | 10 | 12 |
Iturmendi | 4 | 6 | 8 |
Urdiain | 9 | 23 | 11 |
Altsasu | 37 | 88 | 49 |
Olatzagutia | 18 | 49 | 21 |
Ziordia | 6 | 9 | 7 |
Sakana | 225 | 502 | 282 |
* Arakilen barruan zegoen Irurtzun. | |||
Iturria: udalak eta Etxarri Aranazko eta Altsasuko bake epaitegiak. |
1918ko gripeak Sakanan hildakoak | ||||
Udalerria | Irailaren 13ra arte | Irailak 14 - Azaroa 1 |
Urte akabera arte | Guztira |
Arakil* | 32 | 24 | 10 | 66 |
Irañeta | 4 | 6 | 1 | 11 |
Uharte Arakil | 14 | 7 | 1 | 22 |
Arruazu | 3 | 1 | 0 | 4 |
Lakuntza | 9 | 14 | 5 | 28 |
Arbizu | 13 | 6 | 1 | 20 |
Ergoiena | 14 | 18 | 11 | 43 |
Etxarri Aranatz | 18 | 93 | 12 | 123 |
Bakaiku | 7 | 1 | 2 | 10 |
Iturmendi | 3 | 1 | 2 | 6 |
Urdiain | 8 | 12 | 3 | 23 |
Altsasu | 41 | 40 | 7 | 88 |
Olatzagutia | 10 | 36 | 3 | 49 |
Ziordia | 4 | 4 | 1 | 9 |
Sakana | 180 | 263 | 59 | 502 |
* Arakilen barruan zegoen Irurtzun. | ||||
Iturria: udalak eta Etxarri Aranazko eta Altsasuko bake epaitegiak. |
1918ko gripearen eragina biztanlerian | |||
Herria / Urtea | 1920ko biztanleria | 1918an gripeak hildakoak | Ehunekoa |
Arakil* | 2.355 | 66 | 2,80 |
Irañeta | 377 | 11 | 2,92 |
Uharte Arakil | 821 | 22 | 2,68 |
Arruazu | 317 | 4 | 1,26 |
Lakuntza | 741 | 28 | 3,78 |
Arbizu | 903 | 20 | 2,21 |
Ergoiena | 1.223 | 43 | 3,52 |
Etxarri Aranatz | 1.557 | 123 | 7,90 |
Bakaiku | 424 | 10 | 2,36 |
Iturmendi | 441 | 6 | 1,36 |
Urdiain | 734 | 23 | 3,13 |
Altsasu | 2.578 | 88 | 3,41 |
Olatzagutia | 1.363 | 49 | 3,60 |
Ziordia | 531 | 9 | 1,69 |
Sakana | 14.365 | 502 | 3,49 |
* Arakilen barruan zegoen Irurtzun. | |||
Iturria: www.ine.es |
1918ko gripea datutan
Gripeak 1918an jo zuenean, Sakanan 502 pertsona hil ziren. 1917arekin alderatuz, 1918an ibarrean 277 hildako gehiago izan ziren, % 123,11ko hazkundea. Garai hartan herrietako populazio errolda ez zen urtez urte berritzen, 10 urtean behin baizik. Gertuen dagoen biztanleria errolda data 1920koa da eta haren arabera 14.365 sakandar bizi ziren 14 udalerritan. 502 pertsona hil ziren 1918an, Sakanako populazioaren %3,49.
1918ko hildakoen %35,86a irailaren 13ra arte izan ziren. Aurreneko 256 egun horietan ibarrean 180 sakandar hil ziren. Hurrengo 48 egunetan, irailaren 14tik lastailaren 31ra, 263 hildako izan ziren, 1918ko zendutako guztien % 52,39. Urte arteko azken bi hilabeteetan 59 sakandar hil ziren, 1918an zendutakoen % 11,75.
Herriz herri
1918ko gripeak ibarreko herrietan ez zuen arrasto bera utzi. 502 hildako izan ziren baina, esaterako, Uharte Arakilen edo Arbizun hildakoen kopurua ez zen hazi. Beste muturrean daude Ergoiena (33 hildako eta % 330 gehiago), Etxarri Aranatz (85 eta %223,68), Olatzagutia (31 eta % 172,22), Urdiain (14 eta % 155,56), Altsasu (51 eta % 137), Lakuntza (16 eta % 133,33) eta Arakil (34 eta % 106,25). Heriotza ehunekoa txikiagoa izan zen gainontzeko herrietan: Bakaiku (4 hildako gehiago eta % 66,67 gehiago), Irañeta (4 eta % 57,14), Iturmendi (2 eta % 50), Ziordia (3 eta % 50) eta Arruazu (1 eta % 33,33).
Erroldari erreparatuta ere gripearen urteak arrasto desberdina utzi zuen herrietan. 1920ko biztanleria erreferentzia hartuta, alde handiz, arrasto handiena Etxarri Aranatzen utzi zuen bere populazioaren % 7,9 eraman baitzuen kanpo santura. Lakuntzak biztanleriaren % 3,78 galdu zuen, Olatzagutiak % 3,6 eta Ergoienak % 3,52. Altsasu Sakanako % 3,49ren pare gelditu zen ia-ia, biztanleriaren % 3,41 hil baitzen 1918an. Zerrenda horretan hurrena Urdiain da %3,13ko herritarren galerarekin. Gainerako herrietan heriotzak % 3tik behera eragin zuen: Irañeta % 2,92, Arakil % 2,8, Uharte Arakil % 2,68, Bakaiku % 2,36 eta Arbizu % 2,21. Soilik hiru herrik galdu zuten populazioa % 2 baino gutxiago: Ziordia % 1,69, Iturmendi % 1,36 eta Arruazu % 1,26.
Iragarkiak
Gripearen kontrako mota guztietako erremedioak iragarri ziren El Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra egunkarietan. Iragarki haietako batek esaten zuen gripearen kontrako botika onena koñak on bat zela, eta zaporeagatik eta onurengatik koñakik onena Marques del Real Tesoro zela ziurtatzen zuen. Zotal etxearen iragarkiak ziurtatzen zuen harekin desinfektatuz epidemia saihesten zela. Etxe bereko xaboiarekin epidemia kutsagarriak eragozten zirela ziurtatzen zen beste iragarki batean.
Beste iragarki batek hala zioen: “gripea saihesteko Forman kotoia baino ezer hoberik ez. Sudurzulotan sartuta desinfektatzailea sortzen du, germenak hilez eta gaixotasuna saihestuz”. Markoa zuen iragarki txiki batek honakoa zihoen: “grippe, zure gaixoaldia motza eta erabatekoa izanen da Pinedo Ardoa edatean. Indargarri energetikoa, bihotz-tonikoa”. Izan ziren ere goxoki berezi batzuen iragarkiak: “eztula, bronkitisa, grippea, asma, kukutxeztula sendatuta edo arindua heroina goxoki baltsamikoen pakete bakar batekin. Botika eraginkorra, atsegina, kaltegabea eta merkea. 2 erreal paketea. Negrillos farmazia, Iruñea”.
Honakoa irakur zitekeen beste iragarki batean: “modako gaixotasunaren inbasioaz libratzeko Martin txokolatea hartu behar da, gutxienez egunean bitan. Goren mailako medikuek gomendatuta”. Bestelako gomendioa ematen zuen beste iragarki batek: “gripea eta eragiten dituen ondorioak, sudur eta eztarri katarroak, laringitisa eta bronkitisa Beteluko urarekin eta inhalazioekin behin betiko uxatzen eta sendatzen dira. Bainuetxeko kudeatzaileari eskatu gida esku-orriak”. Bestelako sendagai baten iragarkia: “erreumak, grippeak, buruko minak, haginetako minak, Rhodine (azido ortooxibenzoikoaren eter azetilikoa) gramo erdiko 20 konprimatuko tutuak, Societe, Chimique des usines de Rhônerena. Paris. Farmazietan eta droga-dendetan salgai”. Bestelako, produktu baten iragarkia: “grippea eta infekzio-gaixotasunak saihesten eta aurre egiten zaie ahoaren higienearekin, Foret ur-oxigenatu neutroarekin, ahoaren txertoa dena. Zigilurik gabeko botilak atzera bota. Bulgarizazio humanitarioa”.
Gaitzari aurre egiteko jantziek ere balio zuten: “grippearen kontra. Gaixotasun honi aurre egiteko, hutsik gabeko erremedioa, mediku-zientziaren arabera, nahikoa da 19.000 alkandora-dendak saltzen dituen barruko jantziak janztea”. Bestelako aholkua eman zuen beste iragarki batek: “gripearen kontrako errezeta. Zaragozatik bidalia. Lan gutxi egin. Asko jan. Urik ez probatu. Neurririk gabe Costa Rica kafeak edan eta gaixoendako berezia den 1880 urteko ardoarekin gargarak egin, Tejero de Coudenda etxekoa. Gargarak edan daitezke”.
Kanpoko sendabide gehiago: “atzerrian epidemia erraz desagerrarazi dute Mentoda Azoada erabiltzen zelako, Pelletier kimiko ospetsuaren azken aurkikuntza. Zapi batean botatako tantak arnastearekin aski da. Mentoda Azoadarekin tratatutako gaixoak salbatzen dira. Ontzia 3,5 pezetatan farmazia nagusietan. Postaz bidaltzen da, aldez aurretik postaz 4 pezeta bidalita”. Beste produktu bat: “grippearen kontra. Gaitz horren kutsadura saihesteko mentolaren erabilera gomendatzen da. Marquina droga-dendan salgai”. Tramankuluak ere bazeuden eta iragarkia guardia batek heriotza uxatzen ikus zitekeen: “hemen ez da berori sartzen! Gripe epidemia berriaren trabak eta eragozpenak saihestu nahi badituzu gaur bertan erosi ezazu Sanolanen gailu bat, bere esentzia eta guzti. Desinfektatzaile ahaltsua denez edozein gaixotasun kutsagarriz saihestuko dizu”. Izan ziren iragarki gehiago.