Mihi ariketa kolektiboa

Guaixe 2018ko aza. 30a, 08:42

Euskaraldian parte hartzen ari diren irintarrak. Argazkiak: utzitakoak.

Zortzi egun dira Euskaraldia hasi zela eta makina bat sakandarrek ahobizi edo belarriprest rolean sartuta euskarari arnas berria ematen ari dira. Astelehena bitarteko azken txanpan txaparik ez kentzeko gonbidapena egin dute.

Izan da txapa lotarako ere kendu ez duena. Izan da txapa galdu eta bilatzen segitzen duena. Izan da etxetik ateratzean txapa jantzi ez eta haren bila bueltatu dena. Izan da txaparik gabe eguna kezkatuta pasa duena. Izan da bi txapadun gaztelaniaz ikusi eta min pixka bat sentitu duenik. Izan da arropa zintzilikatzen ari zela txapa opatu duenik. Izan da txapak ikusi eta gero izena eman nahi izan duenik. Izan da egunean zehar euskaraz esaldi batzuk esateko gai izan eta ohera pozik sartu dena. Izan da… eta da Euskaraldiko ikurra, txapa. Hotza egiten duenez, hura agerian eramateko nahikoa lan ematen die hainbati.

Ikur borobil bat, aho edo belarri bat dituenak. Hain gauza txikiak halako konplizitatea sortuko zuenik parte-hartzaile askok ez zuten sinistuko. Izan ere, ezezagunak direnen agurrak jaso dituzte. Orain txapengatik jabetzen dira asko orain arte ondoan izan duen pertsona hori euskalduna dela edo euskara ulertzen duela. Txapagatik ez bada telefono iruditxoagatik orain arte gaztelaniaz ziren elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebidun bihurtu dira. Txapek ariketan parte hartzen ari garenak elkarrekin komunean zerbait dugula erakutsi dute, elkarrekin komunean euskara dugula adierazten digute. Bestetik, Euskaraldiak euskararen inguruan hausnarketa egiteko balio izan dio jende askori.


Arbizuarrak Euskaraldiarekin bat egin dute.

Gaur zortzi hasi zen Euskaraldia: 11 egun hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala hasi zela. Pasa den ostiralean  abiatutako ekimenera ahobizi edo belarriprest rola betetzera batu diren sakandarrak, beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ariketa egiten ari dira.  

Ahobizi rola hartu dutenek euskara ulertzen duten guztiei 11 egunetan euskaraz hitz egitea erabaki dute; ezezagunei berriz, lehen hitza euskaraz egiten diete (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraitzen dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egiten diete.

Euskal Herri osoan egiten ari den ariketa honek harrera bikaina izan du, era guztietako erakunde, enpresa eta gizarte eragileek bat egin baitute eta milaka herritarrek hartu baitute, Euskal Herrian egin den ariketa sozial garrantzitsuenetako batean.

Ariketaren lehen egunetan Euskaraldia izaten ari den eragina handia izan da, kalean ahobizi eta belarriprest txapa duen jende kopurua eta sare sozialetan izaten ari den presentzia aintzat hartuta. Ekimenaren azken txanpan partaideei abiatutako hizkuntza ohitura aldaketei eusteko deia egin diete Euskaraldiaren koordinatzaileek.


Euskaraldiko mendi martxa egin zuten lakuntzarrak.

Izen ematea gora
Astearte gauerdian itxi zen ariketan izena emateko epea. Euskaraldiaren lehen egunetan ekimenera batu nahi izan duten herritarren kopurua handia izan da. Jakina denez, bi baldintza daude Euskaraldian izena eman ahal izateko: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Izen-emate epea itxita, 220.000 lagun izan dira www.euskaraldia.eus webgunearen bidez edo herrietako batzordeek jarritako informazio guneetan izena eman dutenak.

Euskaraldia hasi aurretik azpimarratu zen modura, izena eman dutenen %73ak ahobizi modura jarduteko batu dira ekimenera eta %27a ari da belarriprest modura parte hartzen. Partaideen %36ak 16 eta 35 urte artean du eta %62a emakumezkoa da.

Euskal Herriko 405 herritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horietan guztietan eman ahal izan da izena. Hortaz gain, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean.


Lizerretarrak San Klementetako eta Euskaraldiko tripoteoan.

Esperientziak
Euskaraldiko parte-hartzaileek eure esperientziak hiru bidetatik partekatu dezakete. Batetik, Euskaraldiko web gunean partaideak egunero-egunero ari dira beraien esperientziak bidaltzen. Bestetik, sare sozialen eta interneteko bestelako webguneen bidez, beraien egunerokoa egiten ari diren herritarrak asko direla ere aipa daiteke. Eta, azkenik, herriz-herri, belarriprest eta ahobizien artean esperientziak trukatu eta bizipenak partekatzeko bilguneak antolatzen ari direla ere azpimarratu behar da.



Azken txanpan
Ariketaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu dituzte Euskaraldiaren sustatzaileek partaideen artean. Duela zortzi egun hasitako ariketari eutsi eta identifikazio ikurrak abenduaren 3rarte soinean eramateko deia egin dute batetik, horrek ariketa egiteko babesa eskainiko baitie ahobizi eta belarriprest guztiei. Bestetik, Euskaraldia esperimentaziorako ekimena ere badela gogora ekarri dute, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari dela azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko duten bigarren galdetegia bete dezatela eskatuz. Azkenik, egunero-egunero sareen bidez zabaltzen ari diren gomendio eta aholkuen bidez beraien buruak prestatzen jarraitzea proposatu diete izena eman duten herritar guztiei, Euskaraldia ahalduntze ariketa bat dela gogora ekarriz.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz-herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia bukatzeko ekitaldiak partaide guztien bilgune izatea espero dute antolatzaileek eta dei egin diete herritar guztiei, Euskaraldian izena eman dutenei eta ez dutenei ere, ekitaldi horietan parte har dezaten. Herriz-herri eta entitatez-entitate osatu den milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.

Euskaraldia agenda
Arruazu
Abenduak 1, larunbata
16:30ean Jolasak eta txokolate-jana, elkartean.


Lakuntza
Abenduak 1, larunbata
21:30ean Bertso-afari musikatua Oskar Estanga eta Maialen Arzallusekin, Lakuntzako Pertza elkartean.

Abenduak 3, astelehena
18:30ean Hasiera baten bukaera edo bukaera baten hasiera? Ekitaldia, kultur etxean.


Arbizu
Abenduak 3, astelehena
19:00etan Euskara, nazioa eta estatua dokumentala eta euskaldun berriekin mahai ingurua. Ondoren, euskaldun berri eta euskara ikasleei omenaldia eginen diete, udaletxean.


Altsasu
Abenduak 3, astelehena
11:45ean Kalejira, Bandako kideekin Zumalakarregi plazatik eta Gaitariekin Foru plazatik.
12:00etan Euskaraldiko eta Euskararen eguneko ekitaldia, kultur gunean.


Olatzagutia
Abenduak 2, domeka
19:00etan Zoaz pake santuan antzezlana, kultur etxean.

Abenduak 3, astelehena, Euskararen eguna
19:00etan Euskal abestien kontzertu txikia eta txistor-jan goxoa ere, plazan (eguraldi txarrarekin, frontoian).