Herriko omenaldiak indarra eman zion Ezkurdiari

Guaixe 2018ko abe. 10a, 12:09

Binakako hasierako ligaxkako 3. jardunaldian Ezkurdiak eta Galarzak 22 eta 8 irabazi zieten Irribarriari eta Zabaletari. Altuna III.ak eta Martijak 17 eta 22 galdu zuten Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 3. jardunaldia jokatu da asteburuan. Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta izan zituzten aurkari ostiral gauean Arbizun jokatutako jaialdian. Frontoia beteta zegoela, partida hasi baino lehen arbizuarrek omenaldi beroa egin zioten Lau t’erdiko txapeldunari. Biolin doinuekin eskainitako aurreskua eta hainbat oroigarri jaso zituen Ezkurdiak, Arbizuko pilota eskolako pilotariak alboan zituela. Eta badirudi herritarren aitortzak indar handia eman ziola Arbizuko aurrelariari, partida bikaina egin baitzuen.

Aurreko bi partidak galtzetik zetozen Ezkurdia eta Galarza. Abenduaren 1ean Bartzelonan jokatutako partidan, esaterako, 6 tantotan utzi zituzten Elezkano II.ak eta Rezustak. Herrian arantza ateratzea eta lehen puntua lortzea, hori zen Ezkurdiaren nahia. Bestalde, Irribarria eta Zabaleta lehen jardunaldia irabaztetik baina bigarrenean Altuna III.aren eta Martijaren kontra 22 eta 19 galtzetik zetozen. Bigarren puntua lortu nahi zuten Arbizun. Irribarria eta Zabaleta ziren faboritoak, baina Ezkurdiak eta Galarzak sorpresa ederra eman zuten.

Ezkurdia, ikusgarri
Irribarria eta Zabaleta aurreratu ziren, baina Ezkurdiak buelta eman zion partidari. Ladis Galarzaren urduritasuna baretu zuen, laguntza handia eman zion Baraibarkoari, pilota ugari kendu zizkion, eta ikusgarri jokatzen hasi zen aurrelari arbizuarra. Horrela, 1 eta 3 galtzetik 8 eta 3 irabaztera pasa ziren Ezkurdia eta Galarza. Erasoan eta defentsan primeran aritu zen Ezkurdia eta partidako protagonista nagusian bilakatu zen, bere publikoa alde zuela. Zabaletak ez zuen bere maila eman. Etxarrengo atzelariak ez zuen lortu Ladis Galarza menderatzea eta pilota asko entregatu zizkien arerioei, Ezkurdiak bikain probestu zituenak. Irribarriari ere ez zitzaion ezer atera. Ezkurdiak ez zuen akatsik egin, Galarzak 3 akats egin zituen, Irribarriak 4 eta Zabaletak 3.

Horrela, tanto ikusgarriak eginez, 22 eta 8 irabazi zuten Ezkurdiak eta Galarzak. Meritu gehiena arbizuarrarena izan zen, Ezkurdiak 11 tanto egin baitzituen, Irribarriak 5 eta atzelariek bat bera ere ez. Bukaeran, triste zegoen Zabaleta eta oso pozik, eskertuta eta hunkituta, aldiz, Joseba Ezkurdia.

Altunak eta Martijak ezin izan zuten hirugarren puntua lortu
Altunak eta Martijak Elezkano II.a eta Rezusta izan zituzten aurkari larunbatean Labriten. Beste behin, giro bikaina sortu zen beteta zegoen Iruñeko Bomboneran. Aurreko bi jardunaldietan irabazi eta gero, faboritoak ziren Altuna eta Martija, baina Amezketakoak ez zuen bere maila eman, akats ugari egin zituen eta horrek airea eman zien puntu bat zuten Elezkano II.ari eta Rezustari.

Irabazten hasi ziren Altuna eta Martija, baina Amezketakoa huts nabarmenak egiten hasi zen erasoan. Egoerarekin amorratu zen gipuzkoarra, eta Elezkano II.ak eta Rezustak 3 eta 10eko aldea hartzea lortu zuten ia konturatu ere egin gabe. Rezustak eta Martijak lehia ederra izan zuten atzeko koadroetan, eta Martijak ongi eutsi zion Rezustari. Hortaz, aurreko koadroetan erabaki zen guztia. Sekulako hutsak tanto ederrekin tartekatu zituen Amezketakoak, eta Altunaren itsaso nahasian ederki arrantzatzen jakin zuen Elezkanok. Horrek are gehiago amorrarazi zuen Altuna, eta nahiz eta gipuzkoarra eta Etxeberrikoa 17 eta 21 gerturatu, ezin izan zuten erremontada gauzatu eta, azkenean, 17 eta 22 galdu zuten.

Beste partidatan, Bengoetxea VI.ak eta Imazek 22 eta 10 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Zabalari eta Olaizolak eta Albisuk 22 eta 20 hartu zituzten mendean Artola eta Mariezkurrena.

Datorrena
Gauzak horrela, Binakako final laurdenetako ligaxkako 3 partida jokatuta, Olaizola II.ak eta Albisuk 3 puntu dituzte, Artola-Mariezkurrenak, Elezkano-Rezustak eta Altuna III.ak eta Martijak 2 puntu, Bengoetxea VI.a-Imazek, Ezkurdia-Galarzak eta Irribarria-Zabaletak puntu bat eta Urrikoetxeak eta Aretxabaletak ez dute punturik.

Ligaxkako 4. jardunaldia ostegunean hasiko da, Santa Luzia egunean, Urretxun. Irribarria eta Zabaleta Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira. Ostiralean, Arrigorriagan, Bengoetxea VI.ak eta Imazek Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari eta larunbatean, Labriten, Ezkurdia eta Galarza Olaizola II.aren eta Albisuren kontra ariko dira. Bukatzeko, igandean, Donostian, Altuna III.a eta Martija Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren kontra ariko dira.