2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoak (SPE) egindako bidea aztertzeko geldialdia egin eta aurrera begirako erronketara egokitzea. Horixe da egoki jo dutena Sakanako Sozio-ekonomia Behatokian, ibarreko makina bat eragile biltzen dituena. SPEren berrikuspen parte-hartzailea egin nahi da. Horregatik, makina bat eragilerekin elkarrizketak izanen dituzte Sakanako Garapen Agentziakoek. Aldi berean, SPE “denon gauza denez, ideia eta aukera ugari izan daitezke Sakanan”.
Sakandarrek horien berri zuzenean emateko jardunaldi irekiak antolatu dituzte. Aurrena Irurtzungo udaletxean izanen da, bihar. Hurrena, Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da, asteartean. Eta atzena Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da asteazkenean. Hiru jardunaldi irekiak 18:00etan hasiko dira.