Etxarri Aranatz EHko kluben artekotik kanpo

Guaixe 2018ko abe. 12a, 11:54

Amurrio taldeak Etxarri Aranatzi irabazi zion txapelketako aurre fasean

Abenduaren hasieran abiatu zen Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionala. Aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa du txapelketak, 24 klubek eman baitzuten izena, tartean Irurtzun klubak eta Etxarri Aranatz klubak. Aurreko urteko txapelketako txapeldunordea da Irurtzun eta, horregatik, final laurdenetako multzo-buruetako bat da Irurtzun, otsailean sartuko da lehian. Aldiz, Etxarri Aranatzek aurten debutatu du eta, horregatik txapelketako aurre fasean sartu zen lehian.

Etxarri Aranatzek Amurrio izan zuen aurkari aurre fasean. Lau t’erdian Ansotegik ordezkatu zuen Etxarri, Amurrioko Guerreroren kontra aritzeko. 18 eta 9 gailendu zen Guerrero. Banakakoan Etxarri klubeko Petriatik eta Amurrioko Iriartek jokatu zuten eta kasu honetan ere jokoan zegoen puntua Amurrioren saskira joan zen, 18 eta 10 gailendu baitzen Iriarte. Horrela, hurrengo fasera sailkatzea lortu zuen Amurriok. Binakako partidan Otxoa eta Lazkoz etxarriarrek Zabaleta eta Albizuri Amurriokoak izan zituzten aurkari eta partida honetan ere arabarrak gailendu ziren, 22 eta 20. Hortaz, Amurriok irabazi zuen aurre fasean eta berak egin du aurre EHko kluben artekoan. Etxarri aldiz, bidean geratu da. Esan bezala, Irurtzun final laurdenetan sartuko da lehian, otsailean.