San Martinek eta Gomezek jasoko dute Sakanako Kopa

Guaixe 2018ko abe. 12a, 13:58
Erkuden San Martin, larunbatean, Barricarte Memorialean

Lasa Kirolak Saria-Sakanako XV. Atletismo Kopako irabazleak izan dira Erkuden San Martin eta Juan Carlos Gomez

Larunbatean Lasa Kirolak Saria-Sakanako Atletismo Koparako puntuagarria zen azken proba jokatu zen Altsasun, Zubeztia elkarteak antolatutako 38. Oinezko Lasterketa-35. Barricarte Memoriala. Altsasukoarekin batera, Ziordiko Krosak (maiatzak 19), Bakaiku-Iturmendiko XV. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 26), Ergoienako XV. Birak (irailak 22) eta Olaztin jokatutako XVIII. Sakanako Herri Lasterketak (azaroak 3) erabaki dute nork irabazi duen Sakanako Mankomunitateak Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin eta Lasa Kirolaken babesarekin antolatutako txapelketa.

Sakanako Atletismo Kopan Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatu dute, emakumezkoek eta gizonezkoek, eta bost proba hauetatik gutxienez lauretan parte hartu behar zuten. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzutik adierazi dutenez, emakumezkoetan Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarrak lortu ditu puntu gehien eta bera da Sakanako Atletismo Kopako txapelduna, Izaskun Beunza Azazeta ziordiarraren eta Maite Zabaleta Gomez etxarriarraren aurretik. Gizonezkoetan, aldiz, Juan Carlos Gomez Fernandez altsasuarra dugu Sakanako Kopako txapelduna, Sergio Garcia de Eulate Maya altsasuarraren eta Jose Javier Maiza Begiristain etxarriarraren aurretik.

Sari emate ekitaldia ilbeltzaren bukaeran izanen da, Lasa Kirolak dendan. Txapeldunek 80 euro jasoko dute kirol materialean, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro. Bestalde, bost probetan parte hartu duten korrikalarien artean sari bat zozketatu da, Santi Agirre Galarza iturmendiarrak jasoko duena.