Abenduaren 3aren ondoren garesti dago bazterrotan Ahobizi edo Belarriprest txapa bat ikustea. Hala ere, 11 egunetako ariketan egunez-egun sakandarrek euskararen inguruko hainbat bizipen eta esperientzia izan dituzte. Lagunekin, senideekin, lankideekin, sare-sozialetan eta herriko jendearekin partekatu dituzte esperientzia horiek, hitzez, idatziz, konplizitate keinu edo irriarekin besteetan. Poz txikiak. Eta poz txiki horiek euskaraz hizketatzeko edo elkarrizketa elebidunetan aritzeko norberak egitea erabaki duen aldaketa batean aurrera egiten lagundu dute.
Euskaraldiko antolakuntzak berriro ere euskararen erabileraren inguruan hausnartzen jarri ditu bigarren galdetegia bidalita. Martxoan iritsiko da hirugarrena eta azkena. Hizkuntzaren inguruko hausnarketa, hala ere, Euskaraldian parte hartu dutenetatik aparte ere iritsi da. Eta antolatzaileek Euskaraldiaren eragin hori aitortu dute: “inork gutxik espero zuen onarpena eta jarraipena izan du”. Horregatik, esan dute, “hizkuntzaren normalizazioan bide erakusle izan daiteke. Epe ertain edo luzeago batean askoz sakonagoa eta zabalagoa den aldaketa bat bultzatzeko lehen urratsa”. Bukatu da Euskaraldia. Baina hurrengo urteetan bueltatuko da, maiztasuna zehaztuta ez badago ere. Beraz, bukaera hasiera da.
Euskaraldian parte hartu duten irintarrak.
Herrietatik erantzunak
Herriko euskararen egoera kontutan izanik, Euskaraldiak ekarpenik egitea espero zenuten?
Irurtzungo Blanca Ilundainek azaldu digunez, Euskaraldiak ekarpenik egitea espero zuten. “Euskaldun asko gara, baina gehiago dira erdaldunak, eta, beraz, hobetzeko tartea bagenuen eta badugu. Guk aurreikusi baino jende gehiagok eman du izena, eta alde horretatik pozik gaude”. Izaskun Bengoetxea irintarrak esan digunez, “zalantzan jarri genuen Euskaraldiak herrian ekarpenik eginen zuenik”. Ioana Ijurko uhartearrak esan digunez, “nahiko egoera kaxkarra dugu herrian, batez ere gazteek. Eta asko euskaldunak izanda ere ez dute parte hartu”.
Arruazuko taldean “Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzea espero genuen eta zertxobait lortu dela ikusi dugu”. Hala esan digu Ainhoa Reparaz arbazuarrak. Ainara Lopetegi lakuntzarrak esan digunez, “ohiturak aldatzea” espero zuten. Gaztigatu digunez, “Lakuntzan euskararen ezagutza handia dago baina erabilera ez”.
Lizarragako Txane Senarrek esan digunez, “herria ia euskalduna izanik, erabilera bultzatzea (gazteen artean batez ere) dugu helburu. Egun horietan jendea oso motibatua egon da, baina ez dakit zein puntutaraino jendeak mezua barneratu duen”. Etxarri Aranazko Idoia Agirrek esan digunez, Euskaraldiak egin zezakeen ekarpenarekin baikorrak ziren. Ana Kaiuela bakaikuarrak esan digunez, Euskaraldiak herrian “eragin mugatua izatea espero genuen. Agian kasu batzuetan kualitatiboki eragin nabarmena ere espero genuen”.
Aitor Zubiria urdiaindarrak esan digunez, “Euskaraldia egitea oso ideia ona izan da”. Eta gogoratu dute Iñaki Eizmendik zuzenduta, Urdiainen antzeko kanpaina bat egin zutela orain dela 3 urte eta erdi. “Eskuaz Euslia txapa eta guzti eraman zuten hainbat herritarrek”. Altsasutik Mari Paz Barandiaranek esan digunez, “dinamika honek herrian eragin onuragarria izanen lukeela sinesten genuen. Euskararen ezagutza handia da, gero eta gehiago erabiltzen bada ere, ezagutzaren eta erabileraren aldeko aldea oso handia da. Eta hori murrizteko Euskaraldia aproposa zela uste genuen”.
Euskaraldiak zer eragin izan du zuen herrian?
Irurtzundarrak esan digunez, “jendeak gogotsu hartu du ekimena, izen-emateak hori adierazten du, behintzat. Txapen banaketarako antolatu genuen festa oso arrakastatsua izan zen, eguraldia oso txarra izan arren. Ondoren, konpromisoa zenbateraino bete den ezin dugu jakin, baina, behintzat, leku publikoetan, dendetan, eskolan... jendeak oso ongi erantzun du, eta euskara kalean presenteago izan dela iruditzen zaigu”.
Irintarraren esanetan “euskaldunak gehiago definitu” ditu Euskaraldiak. Uhartearrak azaldu digunez, “hasierako egunetan nabaria zen, ilusioa zegoen, inguruan euskaraz entzuten zen. Tentsioa jaitsi ahala, erdarara jotzeko joera hortxe. Hala ere, nik neuk sorpresak hartu ditut eta pare bat pertsonekin euskaraz hitz egiten jarraituko dut”.
Euskaraldiak iraun zituen 11 egunetan Lakuntzan euskarazko hainbat ekintza antolatu zituzten, adin desberdinendako. “Eta horien beharra ikusi dugu”. Euskaraldiak lakuntzarrei “barrua mugitu diela uste dugu. Eta pentsarazi euskaraz bizi gaitezkeela, hori ikustarazi!” Merkataritza guztiak Euskaraldiarekin bat egin duela gaineratu du eta parte hartu ezin zuten establezimenduei hiztegitxoak banatu zizkieten. Lopetegik gaineratu duenez, “Ahobiziak aurreikusitakoak baino gehiago izan dira, Belarri prest berriz gutxiago”. Gazteengana eta helduengana ez direla iritsi sumatzen dute ere.
Arbizuarrak esan digunez, “Euskaraldian parte hartu duen herritar kopuruarekin pozik gaude”. Beste arrazoi bategatik ere pozik daude: “positiboa izan da Belarriprestak identifikatu eta haiekin euskaraz aritzea, konplexurik gabe. Beraiek ere motibaturik ibili dira”. Etxarriarrak poza azaldu digu: “ilusioa ematen duela euskaraz aritzen ez diren horiek, euskaraz hasten direla ikustea. Hau da, Belarriprestak direnak animatzen direla ikustea”.
Bakaikun “gaia landu da eta ez da gutxi, jendeak hausnarketa egin du, autokritika asko entzun da. Euskaldun gehiago, belarriprest gehiago ezagutu ditugu, batez ere Euskaraldiko lehen egunetan giroa asko euskaldundu dela esan daiteke. Gero "normaltasunerantz" itzuli da. Parte hartzen ez zuen jendeak ere jarrera aldaketa izan du”. Baina izen-ematea altua izan dela baloratu dute. Urdiandik esan digutenez, “auto-hausnarketa egiteko oso baliagarria izan da ariketa”.
Altsasuarrak taldearen ustea jakinarazi digu: “ariketak euskarari zentralitatea eman diola. Euskara gehiago egin dugu. Hainbat konpromiso pertsonalen berri izan dugu. Euskara bera hizketagaia izan da parte hartzen ez zutenen artean ere. Berandu bazen ere izena eman nahi zuenik ere izan da. Ez omen ziren enteratu. Eta, jakina, postureoa. Txapa paparrean baina rola bete ez”. Hala ere, Altsasun “txapak eramatea euskaraz hitz egiteko ate asko ireki dituela uste dugu. Baita telefonoan Ahobizi eta Belarriprest irudiak izateak ere”.
Olaztiarrak azaldu digunez, Euskaraldiak baliagarria izan zaie: “euskara nortzuk dakitenen ideia egin dugu, gure artean ezagutzera eman gara txapa gainean eramanda eta ikusita”. Horrek aurreneko hitza euskaraz egitea erraztu duela aitortu digu. “Orokorrean hain barneratuta dagoen gazteleraz egitearen ohitura aldatzea zaila egin da, baina erronkan parte hartu duten askok eta askok saiatu egin dira eta zenbait kuadrilla eta taldeetan euskaraz egiteko ohitura aldatzen hasi dira”.
Mendi irteeran parte hartu zuten lakuntzarrak.
Antolakuntzari dagokionez, nola moldatu zarete?
Ilundainek esan digu Irurtzungo Euskaraldia batzordean 4 eta 6 pertsona aritu direla, batez ere, Iratxo, Pikuxar eta Aizpeako kideak. Udalaren laguntza izan dutela gaineratu dute. “Izen-emate kanpainan indar handia jarri genuen eta sumatu zen”. Bengoetxeak aitortu du Irañetako lantaldea “hasieran nahiko trakets” ibili zela. Ijurkoren arabera “prozesua, prestakuntza, dokumentazioa... nahiko zaila iruditu zaigu eta, egia esateko, ez gara oso fin ibili. Ahal duguna egin dugu”. Reparazek azaldu digu talde txiki bat sortu zutela: “denon artean ongi moldatu gara hainbat ekintza egiteko”.
Lopetegik esan digunez, “antolakuntza arloan ahal duguna egin dugu, ilusio eta gogoz hartu dugu erronka!” Taldea emakumezkoz osatuta dagoela nabarmendu dute. Abuztuko festetan aurkeztu zuten Euskaraldia herrian. Adin guztietarako antolatu dituzten ekintzetan jende askok parte hartu duela eta horrekin pozik daude. Herriko taldeek ekintzak antolatzerakoan izandako inplikazioa ere nabarmendu dute.
Mendinuetak azaldu digunez, “11 egun horietako egitarau txukun bat egiten saiatu ginen baina hainbat arrazoirengatik ez da posible izan. Egunak ere ez dira egokienak izan, herri hauetan zerbait antolatzeko ostiral arratsaldea edo asteburuan antolatzea baita egokiena. Baina azkeneko txanpan zubia ere tartean zegoen, beraz, jende asko kanpora joan zen eta hainbat ekimen aurrerago egingo ditugu”.
Senarrek, berriz: “egia esan gure antolaketa nahiko berandu hasi zen eta lagun talde bat elkartu ginen gauzak mugitzeko”. Agirrek, berriz, azaldu digu “lanaren arabera” antolatu direla, “egin beharrekoak aztertuz eta lanak banatuz”. Kaiuelak esan digu Bakaikuko Euskaraldiko taldea hiru pertsonek osatzen zutela. “Lana ez da zaila izan. Lana ongi egin dela esan daiteke, medioek asko lagundu dute gaia zabaltzen”. Urdiaingo batzordeko kideek argi dute “lan gehiago egin zitekeela. Hala ere, emaitza (130 parte-hartzaile) oso positibotzat jotzen dugu. Nahiko etekin handia atera da”.
Altsasutik honako azalpena jaso dugu: “beste saltsatan gabiltzan 8-9 pertsona elkartu gara. Eta herriaren egoera kontuan izanda ahal duguna egiten saiatu gara. Whatsapp taldeak asko erraztu du lana. Hori bai, taldean ez dago gazte jenderik. Eta haiengana iritsi ahala izateko hainbat buru-hauste izan ditugu”.
Olatzagutiatik esan digutenez, “lan handia egin dugu baina dena primeran atera da. Aritu euskara taldeko kideei eskerrak eman beharrean gara, haien laguntzagatik. Ekintzak antolatzen, izen emateak biltzen eta txapak banatzen egon direlako, mila esker”.
Etxarri Aranazko hamaikakoa.
Aurrera begira zer?
Irurtzundarrek aitortu dutenez, “nekatu xamar bukatu dugu, baina uste dugu garrantzitsua dela honek jarraipena izatea, eta beraz, hurrengo urtean ere gogotsu arituko gara”. Irañetatik galdera-ikurrarekin erantzun diote etorkizunari buruzko galderari. Uharterrak argi du: “euskara herrian sustatzeko beste dinamika batzuk aurrera eraman beharko ditugula argi dago”.
Arruazuko taldearen esperantza honakoa da: “11 egun horietan lortutakoa ez galtzea behintzat”. Lakuntzatik esan digutenez, “12. eguna eta hurrengoak garrantzitsuak dira eta horretan lan egin beharko dugu. Orain Korrika dator eta honi ekingo diogu. Ondo legoke herrian euskara taldea martxan jartzea...” Arbizun argi dute: “Euskaraldiarekin ez da euskararen erabilera bukatzen. Beraz, Euskaraldian izan genuen jarrera eta motibazioa egunerokora pasa behar da”. Belarriprest arbizuarrak Mintzakide programan parte hartzera animatu dituzte.
Lizarragan “aurrera begira euskararen erabileraren eta herriko euskararen erabileraren inguruko hausnarketa eginen dugu. Argi dugu 12. egunetik aurrera datorrela garrantzitsuena, baina halako kanpainek akuilu moduan ere garrantzitsutzat jotzen ditugu. Aurrera begira ere bertan egoteko asmoa dugu”. Etxarri Aranatzen “armairutik atera diren horiekin” euskaraz hizketatzen segitu eta horretan aritzera animatu nahi dituzte. “Eta Ahobizi garenon artean ere ez ahaztu euskaraz hitz egin behar dugula”.
Bakaikun gogorarazi digute euskaraz 365 egun behar dutela. “Arnasguneak eta euskarazko jarduerak behar dira. Korrika bezalako ekimenak ere aprobetxatu beharko genituzke, ea Euskaraldiak ere edizio gehiago dituen”.
rdiaindik hurrengo erronka nagusiari erreparatu diote: Korrika; eta gero, gerokoak”.
Barandiaranek gogorarazi digu altsasuarrak gaur bertan balorazioa egitera gonbidatu dituztela, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean. “Soziolingusitika Klusterrak parte-hartzaile guztiei hiru galdetegi bidaliko dizkigu. Baina, horretaz aparte Euskal Herriko 30 herri aukeratu dituzte bestelako balorazioa egiteko. Eta Altsasu da aukeratutako herrietako bat. Horregatik, Euskaraldian parte hartu duten altsasuarrei talde balorazio horretan parte hartzera animatzen ditugu”. Hori eginda… “gero, gerokoak” esan digute. Olatzagutian “Euskaraldiak utzi duen hazia mantentzea da gure asmoa. Euskaraldiarekin sortu den giroa eta ohitura galdu ez dadin, aurrerago hainbat ekintza eta egitasmo antolatzea pentsatu dugu”.
Euskaraldiko parte-hartzaileak | |||||||||
Herria | Ahobizi | Belarriprest | Emakumezkoa | Gizonezkoa | Ez binarioa | Guztira | % | Populazioa* | % |
Irurtzun+Arakil | 237 | 85 | 191 | 131 | 0 | 322 | 12,24 | 3130 | 10,29 |
Irañeta | 17 | 4 | 13 | 8 | 0 | 21 | 0,80 | 174 | 12,07 |
Uharte Arakil | 83 | 21 | 63 | 41 | 0 | 104 | 3,95 | 828 | 12,56 |
Arruazu | 39 | 11 | 30 | 20 | 0 | 50 | 1,90 | 101 | 49,50 |
Lakuntza | 219 | 66 | 172 | 111 | 2 | 285 | 10,83 | 1262 | 22,58 |
Arbizu | 226 | 23 | 149 | 100 | 0 | 249 | 9,46 | 1119 | 22,25 |
Lizarraga | 43 | 5 | 31 | 17 | 0 | 48 | 1,82 | 181 | 26,52 |
Etxarri Aranatz | 383 | 45 | 258 | 168 | 2 | 428 | 16,27 | 2464 | 17,37 |
Bakaiku | 60 | 21 | 40 | 39 | 2 | 81 | 3,08 | 345 | 23,48 |
Iturmendi | 22 | 6 | 17 | 11 | 0 | 28 | 1,06 | 398 | 7,04 |
Urdiain | 112 | 18 | 73 | 55 | 2 | 130 | 4,94 | 671 | 19,37 |
Altsasu | 514 | 182 | 461 | 229 | 6 | 696 | 26,45 | 7419 | 9,38 |
Olatzagutia | 111 | 40 | 98 | 53 | 0 | 151 | 5,74 | 1518 | 9,95 |
Ziordia | 27 | 11 | 27 | 11 | 0 | 38 | 1,44 | 357 | 10,64 |
Guztira | 2093 | 538 | 1583 | 994 | 14 | 2631 | 100,00 | 19967 | 13,18 |
79,55 | 20,45 | 60,17 | 37,78 | 0,53 | 100,00 | ||||
* 2017-01-01 eguneko populazio datuak. Unanu eta Dorrao kanpo |
Euskaraldiak utzitako datuak
Sakana guztiko herritarrek parte hartu dute Euskaraldian. Baita izena emanda ez zeudenak ere. Esaterako, ergoendar askok Arbizun eman dute izena, iturmendiarrak Bakaikun edo ziordiarrak Olatzagutian.
2.615 sakandarrek bat egin dute euskara gehiago erabiltzeko ariketarekin. Horrek esan nahi du ariketa martxan zela 426 sakandarrek bat egin dutela Euskaraldiarekin. Sakana guztiko populazioaren % 13 pasa izan da euskara gehiago erabiltzeko ahalegina egin duena. Bataz besteko horretatik gora 7 herri egon dira. Populazioaren ia erdia parte hartuz, Arruazu nabarmendu da (% 49,5). Talde berean daude Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain. Sakanako % 13ko bataz bestekotik behera egon dira: Irurtzun eta Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Altsasu, Olatzagutia, Iturmendi eta Ziordia. Azken bi herri horietan ez zegoen talderik.
Ahobizi rola 2.093 sakandarrek hartu dute, parte hartzaile guztien % 79,55. Bestela esanda, bostetik lau. Belarriprest, berriz, 538 sakandar izan dira, aritutakoen % 20,45.
Generoari erreparatuta, emakumezkoak dira nagusi Euskaraldian. 1.583 emakuzmeko sakandar aritu dira ariketan, % 60,17. 994 gizonezko izan dira bat egin dutenak ekimenarekin, % 37,78. Ez bata ez bestea gisa definitzen direnak, ez binarioak, 14 izan dira, % 0,53.
Datuek garbi uzten dutena da Euskaraldiak ez dituela ez gazteak ez adinekoak erakarri. 24 urtez azpiko parte-hartzaileak 389 izan dira, % 14,79. 66 urtetik gorakoak, berriz, 152 izan dira, % 5,78. Bi mutur horien artean dauden adin tartekoak izan dira Sakanako Euskaraldiko muskulua. 25 eta 40 urte arteko 887 parte-hartzaile izan dira, % 33, 71. Eta kopuru aldetik Euskaraldian parte-hartzaile kopuru handiena duena 40 eta 65 urte artekoena da: 1.099 ahobizi edo belarriprest izan dira adin tarte horretan. Bestela esanda, aritutakoen % 41,77.
Euskaraldiko parte-hartzaileak adin tarteko | |||||
Herria | 24 urte arte | 25-40 | 40-65 | 66 urtetik gora | Guztira |
Irurtzun+Arakil | 35 | 109 | 153 | 25 | 322 |
Irañeta | 0 | 13 | 8 | 0 | 21 |
Uharte Arakil* | 0 | 0 | 0 | 0 | 104 |
Arruazu | 4 | 17 | 24 | 5 | 50 |
Lakuntza | 31 | 96 | 131 | 27 | 285 |
Arbizu | 40 | 79 | 120 | 10 | 249 |
Lizarraga | 4 | 16 | 25 | 3 | 48 |
Etxarri Aranatz | 38 | 162 | 197 | 31 | 428 |
Bakaiku | 11 | 28 | 34 | 8 | 81 |
Iturmendi | 12 | 11 | 5 | 0 | 28 |
Urdiain | 34 | 38 | 52 | 6 | 130 |
Altsasu | 149 | 229 | 286 | 32 | 696 |
Olatzagutia | 25 | 66 | 55 | 5 | 151 |
Ziordia | 6 | 23 | 9 | 0 | 38 |
Guztira: | 389 | 887 | 1099 | 152 | 2631 |
14,79 | 33,71 | 41,77 | 5,78 | 100,00 | |
* Herriko daturik ez dugu izena ematerako garaian Uharte Iruña eta Uharte Arakil nahastu dituztelako askok. |
Irurtzundarrak Euskaraldiari ongi-etorria egin ziotenekoa.
Ahobizi
Euskaraldia ez da izan euskararen alde agertzeko kanpaina bat. “Euskara dakienari benetako aldaketa bat eskatzen zion, hizkuntza ohiturak aldatzea”. Euskaldunek erdararako duten inertziez kontziente izateko balio izan du ariketak. Lehen hitza euskaraz egitea, baita ezezagunei ere, inguruan euskaldun gehiago “deskubritzeko” balio izan die. Txapak ikusteak ere erabilera handitu zuen.
Belarriprest
Euskara ulertzen duen uste baino jende gehiago dagoela ikustarazten lagundu du Euskaraldiak eta horrek portaera proaktiboak zabaltzea ekarri du”. Askok eman dute pausoa eta esan dute eurei euskaraz hitz egiteko, ulertzen dutela, baina gaitasunaren arabera euskaraz edo gaztelaniaz erantzungo zutela. Elkarrizketa elebidunek euskara gehiago entzutea ekarri du.