Ez gara konturatzen, baina geroz eta adimen artifizial gehiago dugu gure inguruan.
Adimen artifizialaz ari garenean, ez dugu bakarrik robotengan pentsatu behar. Aplikazio desberdin asko ditu eremu honek. Esate baterako, duela egun batzuk aurkeztu zuten Modela itzultzaile automatikoak, adimen artifizialaren bitartez ikasiko du itzulpen geroz eta egokiagoak egiten. Kasu horretan, adimen artifizialaren lana nahiko objektiboa da, hizkuntzaren mugen artean behintzat.
Baina zer gertatzen da adimen artifizialak hartu behar dituen erabakietan morala sartzen denean? Adibidez, kotxe autonomo bat Sakanako kaleetatik dabilenean, dilema moralak izan ditzake, ezbehar bat gertatuz gero gaitz txikiena zein den aukeratu beharko du, aita bat bere haurrarekin harrapatu edo ondoko kotxean doan bikotea eta amona. Edo enpresa batean langilearen aukeraketa egitea adimen artifizialaren esku uzten badugu eta emandako irizpideetan bakarrik tradizionalki gizonezkoari eman zaizkion ezaugarrietan jartzen badugu garrantzia, azkenean bakarrik gizonezkoak aukeratuko ditu, beste ezaugarriei garrantzia eman gabe.
Burtsan ere, geroz eta garrantzia handiagoa du adimen artifizialak, geroz eta automatizatuagoa da diruaren jarioa. Adimen artifizialaren helburu bakarra dirua irabaztea denez, ez dute inongo gupidarik edukiko pertsona edo herrialde oso bat hondoratzeko, eta horrek eragin zuzena izan lezake pertsona askoren ongizatean.
Adimen artifizialaren eragina gure bizitzaren eremu askotara iristen da gaur egun, eta nabariagoa izango da hemendik aurrera. Lana bilatzerako edo kreditu bat eskatzerako garaian funtzio baten menpe egoteak, faktore pertsonala kontuan izan gabe, ondorio larriak ekar ditzake. Azken finean, adimen artifizialak dagoenetik ikasten du, status quo-a mantentzen.
Gizartea aldatu nahi badugu eta bizitza erdigunean jarri, teknologiak aldaketa horretan sartu behar ditugu. Horregatik, robota feminista izango da, edo ez da izango!