Sakanako kirolaririk onenek gaur jasoko dute oroigarria

Guaixe 2018ko abe. 14a, 14:09
Yoseikan budokoak izango dira sarituetako batzuk.

Ihabarko herriko etxeak hartuko du sari ematea, gaur, ostiralean, 19:30ean. Ondoren auzatea izango da

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak 2017 eta 2018ko Sakanako kirolaririk onenak aukeratu ditu. Aukeraketa prozesua egiteko Sakanako klubei eta sakandar guztiei proposamenak bidaltzeko deia egin zien Mankomunitateak, eta, ondoren epaimahaiak aukeraketa egin zuen.

18 urte baino gutxiagoetan Unai Villalobos Hernaz irristalari eta txirrindularia eta Olga Garciandia Ijurko ipar eskiatzailea, rollerskilaria eta biatloilaria izendatu dituzte kirolari onenak; 18-35 urte bitartekoetan, aldiz, Ekhi Congil monoziklista eta Izar Parot eta Olaia Eizagirre palistak eta 35 urtetik gorakoetan Jose Luis Beraza mendi korrikalaria eta Ginesa Lopez Cid korrikalaria. Taldeei dagokienez, Aralar eta Burunda txirrindularitza klubek jasoko dute Sakanako kirol talderik hoberenaren saria. Euskara gehien bulkatu duen kirol taldearen oroigarria Altsasun eta Etxarri Aranatzen yoseikan budoa eskaintzen duen taldeak jasoko du, eta, bukatzeko, bi aipamen berezi egingo ditu Mankomunitateak, bata Imanol Irurtzun Artola arbitroari eta, bestea, Arakilgo Xaniturri emakume taldeari.

Sari emate ekitaldia gaur, ostiralean, 19:30ean hasiko da Ihabarko herriko etxean. Ondoren auzate ederrarekin borobilduko da ospakizuna.