Ea Bombonerak zorte bera ematen dion

Guaixe 2018ko abe. 14a, 11:15

Ezkurdiak eta Galarzak Olaizola II.a eta Albisu izango dituzte aurkari bihar Labriten (ETB1). Atzo Irribarriak eta Zabaletak 22 eta 6 irabazi zieten Artolari eta Mariezkurrena II.ari, nagusitasun handiz. Azkenik, Altuna III.ak eta Martijak Urrutiren eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute igandean Donostian

Atzo hasi zen Binakako ligaxkako 4. jardunaldia, Santa Luzia eguneko Urretxuko jaialdian. Irribarria eta Zabaleta Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra aritu ziren. Aurreko astean Arbizun 22 eta 8 galdu zuten Irribarriak eta Zabaletak Ezkurdiaren eta Galarzaren kontra eta arantza ateratzea nahi zuten. Bestalde, Artolak eta Mariezkurrena II.ak txapelketako errebelazioetako bat izaten jarraitu nahi zuten. Mariezkurrena II.a itotzea, hori izan zen Irribarriaren eta Zabaletaren estrategia eta helburua lortu zuten; Berriozarkoa lehertu egin zuten eta garaipen potoloa lortu zuten Irribarriak eta Zabaletak, 6 tantotan utzi baitzituzten Artola eta Mariezkurrena II.a. Horrela, euren bigarren puntua lortu zuten Irribarriak eta Zabaletak.

Gainontzeko partidei dagokienez, gaur, ostiralean, 19:30ean, Arrigorriagan, Bengoetxea VI.ak eta Imazek Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari (ETB1) eta bihar, larunbatean, Labriten 17:00etan hasiko den jaialdian Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza Aimar Olaizolaren eta Jon Ander Albisuren kontra ariko dira (ETB1). Bukatzeko, igandean Altuna III.a eta Martija Urrutikoetxea ordezkatuko duen Larunberen eta Aretxabaletaren kontra lehiatuko dira, Atano III.ean, 17:00etan (ETB1).

Asteazkenean aukeratu zituzten pilotak Ezkurdiak, Galarzak, Olaizola II.ak eta Albisuk. Olaizolak “partidaz partida” joan behar direla nabarmendu zuen, eta Ezkurdiak, bi porroten ondoren Arbizun izandako erreakzio bikaina nabarmendu zuen.