Ezkurdiak eta Galarzak sorpresa eman zuten, onera, eta Altunak eta Martijak, aldiz, txarrera

Guaixe 2018ko abe. 17a, 12:22
Martijak eta Altunak puntu bat ihes egiten utzi zuten.

Ezkurdiak eta Galarzak euren bigarren garaipena lortu zuten Olaizola eta Albisu faboritoak 13 tantotan utzi eta gero. Atzo Altunak eta Martijak puntu garrantzitsua utzi zuten ihes egiten, Urrutikoetxearen eta Larunberen mesederako (20 eta 22)

Binakako hasierako ligaxkako 3. jardunaldia jokatu da egunotan. Ostegunean Irribarriak eta Zabaletak garaipen garrantzitsua lortu zuten Urretxun eta 6 tantotan utzi zituzten Artola eta Mariezkurrena II.a. Berriozarko atzelaria itotzea izan zen Irribarriaren eta Zabaletaren estrategia eta lortu egin zuten. Bestalde, ostiralean jokatutako partidan Elezkano II.ak eta Rezustak euren 3. puntua lortu zuten, Bengoetxea VI.ari eta Imazi 13 eta 22 irabazi eta gero.

Joseba Ezkurdiak eta Galarzak hitzordu garrantzitsua izan zuten larunbatean Labriten Aimar Olaizolaren eta Albisuren kontra. Azken hauek ziren faboritoak, baina Arbizun lortutako garaipen garrantzitsuak airea eman zien Ezkurdiari eta Galarzari eta sorpresa ederra eman zuten Aspekoek. Labriten gozatu ederra hartu zuten zaleei partida ikusgarria eskaini zieten eta 22 eta 13 gailendu ziren Ezkurdia eta Galarza. Behetik gora egiten ari dira txapelketan eta bi puntu dituzte.

Bukatzeko, atzo 3. jardunaldiko azken partida hartu zuen Atano III.ak. Altuna III.ak eta Martijak Urrutikoetxea eta Larunbe izan zituzten aurkari. Altuna III.a eta Martija ongi hasi ziren, 13 eta 6 aurreratu egin ziren, baina Urrutikoetxeak eta Aretxabaleta ordezkatu zuen Larunbek partidari buelta ematea lortu zuten eta 20 eta 22 irabazi zuten. Martijak maila oso ona eman zuen, baina Altuna oso irregular aritu zen eta bigarren porrota jarraian pilatu du bikoak. Urrezko puntua ihes egiten utzi zuten Altunak eta Martijak eta bi punturekin jarraitzen dute.

Txapelketa, estu
Binakako hasierako ligaxkako sailkapena estu-estu dago, ez dago alde handirik puntuazioan. Elezkano II.a-Rezustak eta Olaizola II.a-Albisuk 3 puntu dituzte, Irribarria-Zabaletak, Altuna III.a-Makrtijak, Artola-Mariezkurrenak eta Ezkurdia-Ladis Galarzak 2 puntu eta Bengoetxea VI.a-Imazek eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak puntu bana. Beraz, zabal-zabalik dago txapelketa.

Datorrena
Jokoan asko dute gure pilotariek. Zabaletak eta Irribarriak Urrutikoetxea eta Aretxabaleta dituzte aurkari, ostiralean, Lekeition. Ezkurdiak eta Galarzak larunbatean Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra jokatuko dute Arrasaten, eta Altuna III.ak eta Martijak ez dute Gabon eguneko bazkari oparorik egiteko aukera izango, Gabon egunean, asteartean, Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko baitute, Eibarko Astelenan.

Binakako Txapelketa
4. jardunaldia:
Irribarria-Zabaleta / Urrutikoetxea-Aretxabaleta (ostiralean, Lekeition)
Ezkurdia-Galarza / Bengoetxea VI.a-Imaz (larunbatean, Arrasaten)
Olaizola II.a-Albisu / Elezkano II.a-Rezusta (igandean, Bilbon)
Altuna III.a-Martija / Artola-Mariezkurrena (asteartean, Gabon Egunean, Eibarren)

5. jardunaldia
Ezkurdia-Galarza / Artola-Mariezkurrena II.a (ilbeltzaren 4an, Tolosan)
Altuna III.a-Martija / Bengoetxea VI.a-Imaz (ilbeltzaren 5ean, Iruñean)
Urrutikoetxea-Aretxabaleta / Elezkano II.a-Rezusta (ilbeltzaren 5ean, Bilbon)
Olaizola II.a-Albisu / Irribarria-Zabaleta (ilbeltzaren 6an, Eibarren)