V. Erauskin Igoeran Garikoitz Flores txapelduna

Guaixe 2018ko abe. 18a, 14:07

Pilotu lakuntzarra BRC 53 barketarekin lehiatu zen eta Beasaingo probako azkarrena izan zen. Mikel Mendinueta 21.a sailkatu zen

Beasaingo motor asteburua ospatu da asteburuan. Motorrari lotutako makina bat ekitaldi izan dira bertan, tartean Albert Llovera pilotu ezagunaren hitzaldi arrakastatsua, ibilgailu klasikoen erakusketa, umeendako bide heziketa, trial ikuskizuna, segurtasunez gidatzeko ikastaroak eta V. Erauskin Igoera, Beasain herri gunetik Erauskin auzora 2,5 km-ko ibilbide aldapatsua, 20 bihurgune dituena. 34 pilotuk parte hartu zuten proban eta horietatik 32 sailkatu ziren.

Garikoitz Flores pilotu lakuntzarra izan zen txapeldun absolutua eta monoplazen txapelduna (1:36.813). Lakuntzarra BRC BR-53 barketarekin aritu zen proban eta Asier Bidabururi (Reynard R10B, 1:40.117) gailendu zitzaion. Joseba Iraiola Seat Leon Supercopa autoarekin lehiatu zen eta hirugarrena sailkatu zen maila absolutuan (1:41.885), turismoen mailan lehena. Proban aritu zen beste sakandarra Mikel Mendinueta arbizuarra izan zen (Peugeot 205 GTI). Sailkapen orokorrean 21. postua lortu zuen Mendinuetak (1:56.195).