Movistar Team taldeak 2019ko aurkezpena egin zuen atzo

Guaixe 2018ko abe. 19a, 11:22

Imanol Erbiti eta Jose Luis Arrieta izango dira talde urdineko aurpegi sakandarrak. Hiru itzuli handietako bat irabaztea da helburu nagusia eta Landa, Valverde eta Quintana izango dira liderrak

Atzo Movistar Team txirrindularitza taldeak aurkezpena egin zuen Madrilen, Telefonicako egoitzan. Gizonezkoen taldearen (25 txirrindulari) eta emakumezkoen taldearen (12 txirrindulari) aurkezpena egin zen elkarrekin.

Mikel Landa, Alejandro Valverde eta Nairo Quintana izango dira Movistarreko liderrak. Haiei laguntzen ariko diren txirrindularien artean dago Imanol Erbiti. Hiriberrikoak 36 urte beteko ditu hurrengo urtean eta 14 urte daramatza txirrindulari profesional, guztiak talde berean; Movistarreko talde gizon eta ezkutari fidel eta preziatua da. Eta haiei zuzentzeko lanetan buru-belarri ibiliko da Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta zuzendari eta txirrindulari ohia. Mikel Landak Giroa eta Tourra egingo ditu, Valverdek Giroa eta Vuelta eta Nairo Quintanak Tourra eta Vuelta. Helburua “hiru handietako bat” irabaztea izango da. Mikel Landak “osasuna” eskatu zion 2019 urteari, “gainontzeko guztia guk jarriko dugulako”.