Gizarte-erantzukizunagatik lau enpresari gobernuaren aitortza

Guaixe 2018ko abe. 19a, 13:38

Aitortza jaso zuten enpresetako ordezkariak gobernuko kideekin batera.

Foru administrazioak InnovaRSE estrategia 2018an aplikatu duten enpresak aldarrikatu ditu.

Sakanako lau enpresak eta erakundek berrikuntza sozialarekiko konpromisoa egiaztatzen duen diploma bana jaso zuten atzo. Ekonomia Garapenerako lehendakariorde Manu Aierdiren eskutik jaso zuten aitortza diploma. Guztiek ere InnovaRSE metodologia ezarri dutelako. Sistema horrek Enpresen Gizarte Erantzukizuna pixkanaka-pixkanaka aplikatzea sustatzen du. Aitortza-diplomak jaso zuten Sakanako enpresak eta erakundeak honakoak dira: Industrias Barga SL (diagnosia), Cederna-Garalur (planak) eta La Burundesa SA (hobekuntza zikloa). Aipamen berezia jaso dutenen artean dago Lacturale (egiaztatze tresna),”bere ohiko jardunean gizartearen mesedeko estrategia horrekin loturiko tresnak edo esperientzia pilotuak abian jartzeagatik”.

InnovarSE
Nafarroako Gobernuak 2009an sortutako kudeaketa-sistema da eta iraunkortasuna etengabeko hobekuntza-prozesuaren barnean sistematikoki sartzea errazten duen tresna da. Enpresei laguntzen die erantzukizun sozialeko alderdiak beraien epe ertain eta luzeko estrategian jasotzen, bai eta epe laburreko eguneroko lanean ere. Zehazki 10 alderdi lantzen dira enpresako 3 dimentsiotan: ekonomikoa, ingurumenekoa eta maila sozialekoa. Metodologiak lau fase hartzen ditu: enpresaren egoeraren diagnostikoa osatzea Enpresako Erantzukizun Sozialaren arloan, jarduera-plan bat idaztea eta ezartzea, iraunkortasun-memoria lantzea eta hobekuntza-zikloak egitea. Nafarroako 386 enpresa eta erakunde inplikatu dira programaren alderdietako batean.

Enpresen Gizarte Erantzukizuna
Europako Batzordeak 2001ean emandako definizioaren arabera honakoa da: “enpresek merkataritza-eragiketetan nahiz solaskideekiko harremanetan gizarte eta ingurumen mailako kezkak beren borondatez kontuan hartzea da”.