Sakanako hainbat udaletako alkate eta kontzeju-buruak, udal-ordezkari, Sakanako Mankomunitateko presidentea, Cederna-Garalur eta Sakanako Garapen Agentziako ordezkariak Isabel Elizalde Landa-Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalderekin eta bere lantaldearekin elkartu ziren Lakuntzan hilaren 5ean. Nafarroako eskualdeetan barna kontseilaria egiten ari den biraren barruan kokatzen da aipatu bilera.
Topaketan Nafarroako Tokiko Administrazio Maparen Erreformaren berri eman zuen Elizaldek. Jakina denez, erreformak onartutako eskualdeetako bat izanen da Sakana. Elizaldek gogorarazi zuen Nafarroako Kontseiluak oniritzia eman diola aldaketari eta aurki Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dutela jakinarazi zuen. Elizaldek, bestalde, departamentutik legegintzaldi honetan egindakoen errepasoa egin zuen.
Europako Nekazaritza Politika Bateratua erreformatzearen alde agertu zen, “lurraldean hobe integratutako sektorea izan dadin eta familia-ustiategiak protagonista izan daitezela”. Gazteak lehen sektorean bat egiteko moduak ere aztergai izan zituzten. Azkenik, Sakanak duen birziklatze maila goraipatu zuen Elizaldek, bereziki materia organikoarena. Sakanan % 54a birziklatzen da, horrek Nafarroako Hondakinen Planak 2020rako ezarritakoa betetzen du. Lizarragako mikro-sare bisitatu zuten, azkenik, gobernu ordezkariek.