Urtea azken hatsa ematen duen momentuan, berria sortzen denean makina bat etxaju eta su artifizial lehertuko dira Sakanako gauean. Aurretik batzuk mendira igoz, bizikletan ibiliz edo korrika eginez despedituko dute urtea. Poteoan besteek. Afari on batekin gehien-gehienek. Eta urteberriarekin batera kalera aterako da sakandar asko, tabernetan parranda egitera batzuk, kalez kale kantari ibiltzera besteak, gutxiago.
Urte berriko aurreneko orduan irintarrek Txapel Azpi elkartean bat egiten dute eta handik etxez etxeko kantu eskea abiatzen dute. Ur goiena kantatu bitartean jatekoak jasoko dituzte eta erronda bukatzean elkartean dastatuko dituzte. Arruazun, gauerdian, iturriko ura jaso eta herrian barna banatuko dute ur berria urte berriari kantatzen dioten bitartean. Lizarragabengoan ere urteko lehen uneak etxetik kanpo emanen dituzte, etxez etxeko eskean Ur goiena kantua abesten.
Etxarri Aranatzen kantua abestu nahi duenak aukera bikoitza du. Ordu batean plazara deitu du preso eta iheslarien aldeko taldeak. Urte onaren alde topa egin eta urte berriari abestuz kantu erronda eginen dute herriko presoen senitartekoekin batera. Beste hitzordua ordu bietan da, eliz atean eta Ur goiena kantua herrian barna zabalduko dute. Iturmendin kintoak etxez etxeko errondan ibiliko dira, kantu eskean urte berria zorionduz. Esker oneko gazteak direnez pastak eta edatekoa eskainiko dituzte trukean.
Gauerdi aurretik dago hitzordua jarria Urdiainen, apaizaren etxe inguruan. Ezkila hotsak entzutearekin batera, nesakiak eta mutilak herriko iturrietara abiatuko dira eta berezko pitxerretan ura hartu eta gero abiapuntura bueltatuko dira kanpaina bukatu aurretik. Han dauden guztiek Ur goiena, ur barrena kantua abestuko dute. Agintariek ur berriaren truke opil goxoak emanen dizkiete, aurrena gazteei, ondoren bildutako herritar guztiei. Ura ere banatuko dute. Eta urte osasuntsua opatuko diote elkarri. Altsasun, bestalde, urte berri eguneko iluntzean udalak Gure Etxea eraikinean gaztainak, intxaurrak eta ardoa banatzen ditu. Talde ederra kantatzera elkartzen da urtero. Azkenik, Aralarko santutegian urte hasieran bi elizkizun berezi izanen dira. Urteko aurreneko egunean eta errege egunean, ilbeltzaren 1ean eta 6an, 12:30ean meza nagusiak izanen dira.