Goazen mendizaleak, Aralarrera…

Guaixe 2018ko abe. 21a, 14:12

Igandean 54. Mendigoizale Eguna ospatuko da Aralarren. Mendizaleak herri desberdinetatik aterako dira, Aralarren biltzeko. Sakanako Mendizaleak taldeak 8:30ean jarri du hitzordua, Lakuntzan. Hildakoak oroitu eta urtea despeditzeko modu polita da



Gabonen aurreko igandean, ohi bezala, Euskal Herriko Mendigoizale Eguna ospatuko da Aralarko Santutegian. Nafarroako mendizaleen egutegietan gorriz markatutako data da honakoa, klub guztietako mendizaleak bildu, eurekin ez daudenak oroitu, aspaldiko lagunak ikusi eta urtea despeditzeko egun aproposa baita. Aurten, gainera, gabon ikutu gehiago izango du egunak, hain zuzen ere Gabon bezperaren aurreko egunean izanen delako, abenduaren 23an hain zuzen ere.

Aurrekariak
1964. urtean, urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, igandekoa festaren 54. edizioa izango da. Festa antolatzeko txandakatu egiten dira Nafarroako mendi klubak eta aurten Boscos taldeari eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioari egokitu zaie ardura. 



Meza, 11:00etan, eta ondoren auzatea

Goizean goiz ekingo diote mendizaleek Aralarrera igotzeko lanari. Toki ezberdinetatik abiatuko dira. Asko Uharte Arakildik, baina baita Lakuntzatik, Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik ere bai. Sakanako Mendizaleak taldeak goizeko 8:30ean jarri du hitzordua Lakuntzan, bertatik igoerari ekiteko. Horrela, mendizale taldeak gutxika baina etengabe iritsiko dira Aralarko santutegira.

Goizeko 11:00etan izanen da mendizaleen meza elizkizun nagusia. Mendiko materiala bedeinkatuko dute, eta, bukaeran, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango dute mendizaleek. Ondoren, 12:00etan, Aralarko ostatuan hamaiketakoa izanen dute prest, trikitixa lagun dutela. Aspaldiko ezagunekin biltzeko aukera paregabea izango da igandekoa, eta ez dira kantak eta dantzak faltako. Mendizale asko bazkaltzera geldituko dira, bai San Migelen bai ondoko herrietan, tartean Sakanan. Egun polita, bertara igotzeko gonbita egin du Nafarroako Mendi Federazioak eta Mikel Goiaingeruaren Kofradiak.

Kofradiatik adierazi digutenez, bi meza elizkizun izanen dira igandean: 11:00etakoa, mendizaleena, eta 12:30koa, iganderoko meza nagusia.